Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Artxibo Historikoa bisitatu du eta hiru dokumentu-funts berriren etorrera iragarri du: Manu Leguineche kazetariaren artxiboa, Federico Krutwigena eta Zavala sendiaren funtsak

Argitalpen-data: 

archivo historico

“Dokumentu-ondarea herri baten historia, kultura eta nortasunaren funtsezko zati bat da. Gure memoriaren ezinbesteko isla da”, adierazi du. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Artxibo Historikoa bisitatu du gaur eta Eusko Jaurlaritzak erakunde horren lana sustatzearen alde egin duen apustua berretsi du. Era berean, iragarri duenez, Artxiboak hiru dokumentu-funts berri jasoko ditu hemendik gutxira. Adierazi duenaren arabera, Manu Leguineche kazetari ospetsuaren artxiboa, Federico Krutwig idazlearen artxiboa eta Zavala sendiaren funtsak ekaina eta iraila bitartean iritsiko dira Bilboko hirigunean dagoen eraikin honetara.

Lehendakariaren bisita asteburu honetan ospatu den Artxiboen Nazioarteko Egunarekin batera etorri da. Harekin batera egon dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Kultura sailburuorde Joxean Muñoz; Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru; eta Artxiboaren zuzendari Borja Aguinagalde. Elkarrekin, lau soto eta sestra gaineko sei solairu dituen eraikin honen zenbait instalazio bisitatu dituzte.

Lehendakariak gogoratu duenez, eraikin honek Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia gordetzen du 1936. urtetik, bai eta beste funts asko ere: justizia-administrazioen funts ugari, hauteskunde-batzorde, erakunde eta fundazioen funtsak, familien funtsak, gordailu pertsonalak, argazki-bildumak, erakunde ezberdinetako mikrofilm kopiak edo Gogora Institutuaren funtsak.

“Dokumentu-ondarea herri baten historia, kultura eta nortasunaren funtsezko zati bat da. Gure memoriaren ezinbesteko isla da. Hemen, dokumentu, datu, irudi edo mikrofilm hauen artean, izan garenaren eta egun garenaren historia aurkituko dugu. Behar-beharrezko jaraunspen bat da Euskadiren oraina eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Artxibo hau dokumentu-ondarea gordetzeko, zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko lekua da. Artxibo hau leku irekia da, herritar guztientzako eskuragarria. Iragana ikusi eta ezagutzeko lekua da, oinarri sendo batean eutsitako etorkizuna eraiki ahal izateko”, adierazi du Lehendakariak.

Bere ateak orain dela lau urte ireki zituenetik, Artxibo Historikoaren funtsek gora egin dute etengabe. Urte honetan bertan, 1998. urtean itxitako Egin egunkariaren funtsak jaso ditu. Egun, hainbat urtez Hernaniko erredakzioak utzirik egon ostean, funts horiek desinfektatzeko lanak gauzatzen ari dira eraikinean bertan. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, halaber, hitzarmen bat sinatu zuen Eusko Ikaskuntzarekin iragan apirilean. Hitzarmenaren ondorioz, erakunde horrek bere funtsen zati bat Artxibo Historikoaren esku utzi du. Orain arte Eusko Ikaskuntzak kudeatu duen Gaur Eguneko Historiaren Agiri-dokumentuen Biltokiak azken lau hamarkadetan bildu dituen dokumentuak daude utzitako funtsean artean. Eta bere garaian euskal sendi eta elkarte ezberdinek Eusko Ikaskuntzaren esku utzi zituzten dokumentu-funtsak Artxiboaren esku utzi dira ere; hogeita hamar bat funts, guztira.

Horiei, Lehendakariak iragarri dituen hiru dohaintza berriak gehituko zaizkie. Manu Leguinecheren artxiboaren kasuan, Arratzuko kazetari eta idazleak bere bidaietan bildu zituen mundu osoko material ezberdinak jasoko dira. Horien zati bat Artxiboan dago jadanik; beste guztiak datozen asteotan iritsiko dira. Federico Krutwig idazle, politikari eta euskaltzainaren artxiboaren kasuan, bere alargunak eman duen bere artxibo pertsonala da. Zavala sendiari dagokionez, azkenik, Euskadiko artxibo pribatu handiena da “dokumentazioaren bolumen, kalitatea eta aniztasuna dela eta”: XV. mendeko hastapenetatik 1950era arte bildu izan diren funtsak.

Funts horiek guztiak Artxibo Historikora oraindik iritsi ez badira ere, Lehendakariak beren edukiaren zati bat ezagutzeko aukera izan du. Artxiboaren zuzendari Borja Aguinagaldek 1936ko Eusko Jaurlaritzari loturiko dokumentu batzuk edo Juan Sebastian Elkanoren 1522ko jatorrizko dokumentuak erakutsi dizkio Lehendakariari. Lehendakariak, bere aldetik, beren dokumentu-ondare baliotsua Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi duten norbanako, sendi eta entitateen eskuzabaltasuna eskertuz eman dio itxiera ekitaldiari.