"Zure etorkizuna, auzoan" merkataritzako ekintzailetza-proiektuak Otxarkoagako zentro komertziala birgaitzea du helburu

EBC93438-CAD6-45BB-961C-125496D122FA.jpeg

2019.eko martxoak 04

  • Eusko Jaurlaritzak 1,4 milioi euro gehitu dizkio merkataritzako ekintzailetzari zuzendutako partidari; orain 3,6 milioi ditu udalentzat, enpresentzat eta autonomoentzat.
  • Otxarkoagako “Zure etorkizuna, auzoan” proiektuaren bitartez guztira 1.364 metro karratu birgaitu eta egokituko dira 1960an erabilera komertzialerako eraikitako multzo batean.
  • Ion Fiz izen handiko diseinatzaileak eta Eder Aurre promesa gazteak parte hartuko dute aurkezpenean, gune bat izan nahi baitute proiektuan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiketako koordinatzaile Alfonso Gil lagun zuela, Otxarkoagan aurkeztu du “Zure etorkizuna, auzoan” proiektua, 2018ko laguntzen deialditik eratorria, autonomo, enpresa eta udalerrientzat merkataritzako ekintzailetza bultzatzeko. Bi diseinatzaile ere izan dira bertan, nazioartean ospea zabaldua duen Ion Fiz eta Portugaleteko Eder Aurre gaztea.

Hurbileko merkataritza babesteko premia aztertu du sailburuak, krisiak jotako testuinguru batean, “aldaketak kontsumo-ereduetan, globalizazioaren inpaktua eta merkataritza elektronikoaren hedakuntza bizkorra”.

Horregatik, azaldu du Sonia Pérez sailburuak, Sailetik 1,4 milioi gehitu dira merkataritzako ekintzailetzarako laguntzak, jada 3,6 milioi bideratzeko dituztenak, “ezinbestekotzat jotzen baitugu tokiko merkataritza babestea, kasu honetan bezala udalei laguntzak emanez ez ezik, tresna gehiago emanez ere enpresei eta ekintzaileei, batez ere emakumeei”.

Hala, 2018an lehen aldiz argitaratu zen merkataritzako sektorean ekintzailetzari laguntzak emateko agindu bat. Bi alderdiri erantzuten dieten laguntzak dira: enpresariala eta instituzionala. Eta, gainera, helburu argi batekin: batetik, hiriguneak birgaitzeko apustua, desfaboratuenei lehentasuna emanez, azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko laguntzekin.

Bestetik, berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta ezagutzak eta esperientziak partekatzeko espazioen sorkuntzaren alde egiten da apustu, hurbileko merkataritza-jarduerarako zona berriak eraikiz.

Hiru lurraldeetako udalen 24 eskaera aurkeztu dira, eta horietatik 20 balioetsi dira, 1.575.805 euroko inbertsio induzituarekin eta emandako 1.025.985 zenbateko subentzionagarriarekin.

Merkataritzako enpresei eta autonomoei dagokienez, 221 eskaera balioetsi dira 1.895.426 euroko zenbateko subentzionagarriarekin, eta horietatik % 50 emakumeen proiektuetara zuzendu da.

Gaur aurkeztutako proiektuan, Bilboko Udaleko Etxebizitza Sailak eskaera bat egin zuen 1. fase batean, 186.283 eurokoa, eta 120.000 euroko zenbateko subentzionagarriarena; bigarren fasekoaren antzekoa. Hortaz, 240.000 eurokoa da guztizko zenbatekoa.

“Zure etorkizuna, auzoan” proiektua

Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzaile Alfonso Gilek adierazi duenez, “proiektu hau garrantzizko aurrerapausoa da ekintza zehatzak abian jartzeko, Otxarkoaga auzoan hiri-eraldaketarako prozesu dinamikoak garatzeko, bertako auzotarren bizi-kalitatea hobetzea helburu nagusitzat hartuta”.

Bilboko Udala bultzatzen ari den ekintzak Otxarkoaga auzoko ekonomiari, hiri-berroneratzeari eta eraikinen birgaitze-proiektuei lotutakoak dira, ikuspegi sozialetik eko-auzo jasangarri bat bilakatu dadin Otxarkoaga, eta horretarako auzoko elkarte-ehunarekin batera ari dira elkarlanean.

“Zure etorkizuna, auzoan” proiektuak guztira 1.364 metro karratu birgaitu eta egokitzea du helburu, 1960an Otxarkoaga auzoan erabilera komertzialerako eraikitako multzo batean. Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak kudeatua, ekintzailetza-proiektu berriak hartuko ditu zentro komertzialak. Proiektu horien ideiei bultzada emateko baldintzak emango dira, errenta-gabeziako aldiak ezarriz alokairuko errentetan, besteren artean.

Bilboko Udalaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren arteko lankidetza-testuinguru horretan ahalbidetu egingo da Otxarkoagan merkataritzako ekintzailetza sustatzea eta espazio zehatz batzuk merkataritza-proiektu ekintzaile berezien haztegi bihurtzea.

Bestalde, helburu gehigarri bat du proiektuak: Otxarkoaga auzoko kolektiboen aldetik bertan bizi direnen enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko egindako eskari orokorrean laguntzea.