Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

TGT-Lacteos de Karrantzak sustatu du gunearen biziberritzea, 20 milioi euroko inbertsioa eginda eta 90 lanpostu sortuta, esne ekoizpenaren eta banaketaren sektoreetako enpresa ekimen nagusietako batekin

Karrantza_Tapia_001.JPG

2019.eko otsailak 27

  • Enpresa hau ezartzeak esnearen sektorea biziberritze bikaina dakar, guneko abeltzainei garatzeko aukerak eskaintzen baitizkie.
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren, Hazi Fundazioaren eta AZTI zentro teknologikoaren babes eta aholkularitza eduki ditu proiektuak.

TGT talde katalana liderra da gazten aukeraketan eta salmentan Europako merkatuan, eta Udalaren jabetzakoa den Karrantzako Artisauen Lantegi zaharraren instalazioetan kokatzen den enpresa kudeatuko du. Urteak dira lantegia ez zela erabiltzen ari, eta orain irekitzeak eta abian jartzeak 50 lanpostu sortzea ekarriko du, (guztira 90 izango dira proiektua garatzen denean) bai eta Euskal Herriko esne sektorearen bultzada bikaina ere.

Gaur goizean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiak enpresaren instalazioak bisitatu ditu, Enkarterriko eskualde bizkaitarrean, ondoan zituela Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz, TGT Taldeko presidente Teodoro Garcia eta Enkarterrialde LGEko presidente Julian Isuskiza.

Instalazio horietan, Euskolabel behi esnez egindako gazta gama berri bat lantzen eta merkaturatzen arituko da TGT, bai eta esne-gain harrotua eta Euskadin ekoitzitako behi esnea ontziratzen ere. Ardi gazta egitea ere aurreikusten da, zeina Idiazabal J.I.ren barruan sartuko baita.  Planteatutako negozio planaren arabera, TGTk 500.000 gazta jarriko ditu merkatuan –horietatik 160.000 Idiazabal Jatorri Izendapenekoak izango dira– eta 25 milioi litro esne ontziratuko ditu.

Proiektua bi fasetan garatu da. Lehenengoan, gazta eta esne-gainaren lerroak abian jartzea aurreikusi da, eta, bigarren fasean, berriz, Karrantzako haranean ekoitzitako esnea ontziratzeko lerroaren ezarpena.

Idiazabal eta Euskolabel gaztak, aerosoleko esne-gain eta kremak, janak prestatzeko zein harrotzeko behi esne-gainak, blendak, krema begetalak eta soja kremak ontziratzeko metodologiarik berrienak dituzte instalazioek.

Eusko Jaurlaritzaren babesa

Ezarpenerako prozesu osoan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren, Hazi Fundazioaren eta AZTI zentro teknologikoaren babes eta aholkularitza eduki ditu enpresak. Enpresak berak esanda, babes hori ezinbestekoa izan da proiektua gauzatzeko eta abian jartzeko zeuden oztopoak gainditzeko. 

Beste gauza batzuen artean, Karrantzako Udalarekin, Enkarterrialde Landa Garapeneko Elkartearekin eta Lanbidek Zallan duen eskualde bulegoarekin elkarlanean aritu da Hazi, enpresari langile trebatuen premietarako egokia den prestakuntza ibilbide baten diseinua eskaintzeko, eskualdeko langabetuei zuzenduta. Gaur egun, prestakuntza ematen ari da 1. Mailako eta 2. Mailako profesionaltasun egiaztagiriak eskuratzeko hainbat diziplinatan, hala nola elikagaien industriako eta mantentze lanen eta barruko garraioaren eragiketa osagarrietan, gaztagintzan eta esnekien ontziraketan eta egokitzapenean. Prestakuntza planetan eduki teorikoak zein enpresa barruko praktikak sartzen dira.