Segurtasun Sailak larrialdietako merezimenduaren domina gorria eman dio pertsona baten bila ari zela hil zen Carmelo Arrizabalagari

2019.eko otsailak 16

Ekitaldian bereizgarri berdeko domina jaso dute beste hiru pertsonak, larrialdien eta babes zibilaren ikuspuntutik merezimenduzkoak diren ekintzengatik

Vitoria-Gasteiz, 2019/02/16

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur goizean banatu ditu larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren dominak Gasteizko Goiuri Jauregian egin den ekitaldi batean. Bertan bereizgarri gorriko domina eman diote, hil ostean, pertsona baten bila ari zela istripuz hil zen Debako Carmelo Arrizabalagari. Ekitaldi berean bereizgarri berdeko dominak jaso dituzte Youssef Chaibak, Ángel Villuelak eta Aritz Aguiarrek, larrialdietako eta babes zibileko merezimenduzko ekintzengatik.

 

Ekitaldia Gasteizko Goiuri Jauregian egin da, eta bertan izan dira, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuarekin batera, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua eta Segurtasun Saileko beste hainbat kargudun.

“822.000 telefono-dei atenditu ziren 2018an eta 220.000 arreta zerbitzu eskaini ziren larrialditan. Datu hauek erakusten dute ondoen, hedabideetan oihartzuna izan eta nabarmendu litezkeen larrialdi kasu zehatz batzuez haratago, zerbitzu eta persona sare zabal eta egokia daukagula, ongi dabilena, zertan eta nola lagundu badakiena eta azkatrasunez  erabakitzen duena”, adierazi du Segurtasun sailburuak, “zerbitzuaren bihotza osatzen dutenen” lanari aitormen publikoa eginez.

 

Ekitaldian 25 urtetik gorako ibilbidea egiaztatuta duten babes zibilaren arloko elkarteak eta babes zibilaren arloko lanetan laguntzen 10 eta 25 urte daramatzaten boluntarioak ere saritu dira.

Bereizgarri horiek ematen diren bigarren aldia da, eta ohorezko sari horiekin Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak urtero sarituko ditu, batetik, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzuak eta langileak eta, bestetik, larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo gisa nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak.

Bereizgarri gorriko domina pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainen kategoriari dagokio.

Bereizgarri berdeko domina, besteak beste,  larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.

Carmelo Arrizabalaga

Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren bereizgarri gorriko domina Gipuzkoako Deba herriko Carmelo Arrizabalaga herritarrari eman diote, hil ostean. Carmelo Arrizabalaga joan den azaroaren 1ean hil zen Sorginetxe inguruan maldan behera erorita, galduta zegoen emakume bat bilatzeko lanetan borondatez parte hartzen ari zela. Bere alargunak, Lola Lópezek, jaso du domina.

Youssef Chaiba

Bigarren saritua Youseff Chaiba izan da, eta larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren bereizgarri berdeko domina jaso du. Youssef Chaiba Ondarroan (Bizkaia) bizi den hiritar marokoarrak joan den urtarrilaren 3an uretara jauzi egin zuen Mutrikuko kai-mutur zaharrean olatuek eramanda itsasora jausi ziren bi gasteiztarri laguntzeko ahaleginean. Zoritxarrez, ezin izan zuen ezer egin. Itsasoa oso zakar bazegoen ere, Youssef azkenean lehorreratu ahal izan zen.

Ángel Villuela

Segurtasun Sailak larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren bereizgarri berdeko domina Ángel Villuela garabi-gidariari ere eman dio. Ángel Villuelak 2018ko maiatzaren 29an Bilborako sarbidean, San Mamés parean, irauli eta erdibitzailearen kontra talka egin ondoren kamioiaren kabinan harrapatuta geratu zen gidaria erreskatatzeko lanak gidatu zituen.

Sugarrak gidariaren kabinara irits zitezkeela pentsatuta, Ángel Villuelak, beste hainbat pertsonak lagunduta, kamioiaren aurreko kristala txikitu zuen eta kamioi-gidaria kamioitik irtetea eta arriskutik kanpo jartzea lortu zuen.

Aritz Aguiar

 Era berean, Segurtasun Sailak larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren bereizgarri berdeko hirugarren domina Sestaoko (Bizkaia) Aritz Aguiar Basaberi eman dio. Aritz Aguiarrek joan den ekainaren 15ean gizonezko bat Abatxoloko geltokian (Bilboko Metroan) trenbidera jaustea eragotzi zuen, nasako segurtasun-lerroa gainditu ondoren bere burua konboiari botatzeko asmotan zegoela.

Une horretan, Aritz, egoera ikusita, korrika hurbildu zen nasaren beste muturretik gizonezkoa zegoen lekuraino, eta bi besoekin tinko helduta atzera eginarazi zion, ertzetik aldentzeko asmo argiarekin.

 

Diplomak

Bestalde, ekitaldian diplomen bidez, Segurtasun Sailarekin hitzarmena duten eta lankidetzan 25 urte bete dituzten udal babes zibileko 7 elkarte eta zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten boluntarioak ere saritu dira.

Honakoak dira aintzatetsi dituzten elkarte eta erakundeak: Euskadiko Gurutze Gorria, Euskal DYA, Mungiako Babes Zibila, Amurrioko Babes Zibila, Balmasedako Babes Zibila, Arabako Mendialdeko Babes Zibila eta Valdegobiako Babes Zibila.