Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Parkinson gaixotasunarekin elkarbizitzeko garrantzitsuak diren elementuak, gaixo zein senitarteko zaintzaileentzat

Argitalpen-data: 

Koordinazio soziosanitarioko taldea

Anales del Sistema Sanitario de Navarra* (leiho berri batean irekitzen da)-ko artikulu honetan argitaratu  den lan hau aurrera eramateko ikerketa kuantitatibo- eskriptibo bat egin da, Parkinson Gaixotasunaren (PG) edozein estadiotan zeuden pazienteekin eta pazientearekin bizi den edo honekin harreman estua den senitarteko-zaintzaileekin; betiere 18 urtetik gorakoak eta Nafarroan erroldatuak. Parte-hartzaile guztiekin elkarrizketa pertsonalak egin dira, eta ondorengo informazioa lortu da.

PGrekin ELKARBIZITZAN ERAGINA DUTEN ELEMENTUAK
PGrekin elkarbizitza prozesuan hiru elementu garrantzitsu identifikatu dira: Onarpena, egokitzapena eta autogestioa:

1.ONARPENA
Norberaren barne prozesu pertsonala da, errealitatea ulertu eta onartzea. PGa eta honen ondorioak ondo eramateko lehen pausua da, ezinbesteko pausua:

  1. Pseudo onarpena: Itxuraz gaiztasuna onartzea, baina bere ondorioak benetan onartu gabe.
  2. Etsipenezko onarpena: Pertsonak bere errealitatea ulertzen du, eta uste du hobe dela kontra ez egitea.
  3. Onarpen positiboa: Pertsonak, bere burua egoera berriarekin identifikatzeko  gogoa azaltzen du, eta prozesuan parte hartzekoa, horretarako behar diren baliabideak jarriz.

Bada beste egoera bat ez onarpena izenez ezagutzen dena. Pertsonak egoerari kontra egiten dionekoa da, bere arazoetan eta galeretan zentratzen da, irtenbideak eta alternatibak bilatu beharrean.

2.EGOKITZAPENA 
Egoera berrian bizitzen ikastea da, gaixotasuna ondo eramatea, onartzea. Gaixotasuna era gradualean garatzea ere lagungarri da egokitzapen eta onarpen prozesu horretan.

Ikerketa honetan egokitzapenerako lagungarri diren beste elementu batzuk ere identifikatu ziren (gaixotasunaren inguruko informazioa, tratamendua eta honen ondorioak, beste paziente batzuen bizipenak ezagutzea,..) eta kontrakoak ere bai; hala nola sintomen akututzea.

3.AUTOGESTIOA.
Norberaren egoera iniziatibarekin eta independentziaz kudeatzeko gaitasuna da; bai pazientearen aldetik baita senitartekoenetik ere.

PGrekin ELKARBIZITZEKO ERAK
PGarekin bizitzeko bi modu identifikatu dira lan honetan:

1.ELKARBIZITZA POSITIBOA
Armonia eta oreka sentimenduak ditu protagonista, egoera berriak eskatzen dituen aldaketen aurrean jarrera positiboa agertzen du, eta muga edo oztopo berriak era naturalean onartzen ditu. Zantzu hauek dituzten pertsonak, gehienetan onarpen positiboa ere azaltzen dute, egokitzapen egoki bat eta autogestio ona.

Badaude kasu batzuk,  non gaixotasunaren lehen faseetan elkarbizitza positiboa den, baina hau garatu hala, sintomak agertu hala azaleratzen den ez zegoela onarpen positiborik, pseudo-onarpena baizik.

2.ELKARBIZITZA NEGATIBOA
Frustrazioa, kontrolaren galera eta auto-estimaren galera dira sentimendu nagusiak.

Elkarbizitza hau orokorrean, sintomatologia handiko gaixoetan ematen da, muga asko dituztenak, eta sintomak zein gaixotasuna kontrolatzerik ez dutenak. Kasu hauetan gainera, senitarteko-zaintzeileek sentitzen dute zaintza-eskaera handiagoa dela eurek eskaini dezaketena baino. Kasu hauetan, senitarteko zaintzaileak (emakumezkoa izaten da kasu gehienetan) gainezka eginda egoten dira, leher eginda, eta ezin izaten diete gaixoaren eskari eta beharrei zein beren behar propioei behar bezala erantzun.

 

ONDORIOAK
Pertsona bakoitzak gaixotasuna era ezberdinean bizi du, eta era ezberdinean erantzuten dio.  Batzuek egokitzea lortzen dute, elkarbizitza positibo bat izatea, eta beste batzuk ordea ez. Lehen kasuan, pertsonak oreka, bakea eta egoeraren kontrola sentitzen dute, eta bigarrengoek frustrazioa, kontrolaren galera eta auto-estima falta.

Puntu batera edo bestera iristea ez da sintoma eta sintoma-kontrol kontua bakarrik, gaixotasunaren eta bere ondorioen onarpena, egokitzapena eta autogestioa bezalako elementuek ere pisu handia dute.

Ezinbestekoa  da hortaz, profesional sanitarioek elementu hauek ondo ezagutzea, hauek bultzatzen dituzten faktoreak ere ondo ezagutzea, eta beren presentzia identifikatzen jakitea; paziente zein senitartekoengan, era egokian esku-hartzeko.

Arlo honetako ikerketa sustatzen bada, esku-hartze efektiboak identifikatzen badira, pertsonen arreta integrala hobetuko da; eta honekin eraginkortasuna hobetuko da.

 

 * Zaragoza Salceo, M.H Senosiain García, M. Riverol Fernandez, S. Anaut Bravo, S. Díaz de Cerio Ayesa, M.E Ursúa Sesma, MC Portillo