Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

NEIKER-Tecnaliak eta AZTIk tokiko elikagaien jasangarritasuna ebaluatzeko sistema bat baliozkotu dute Auzo Lagun S.Coop.en lankidetzarekin

Foto_tomates.jpg

2019.eko otsailak 25

Ebaluazio sozial, ekonomiko eta ingurumenekoa egiteko metodologia honek tokiko lehengaien onuren balioa erakutsi ahal izango du, kolektiboen sektorean menu jasangarriagoak diseinatzeko.

Horretarako, “Tokiko produktu jasangarriak sustatzea nekazaritzako elikagaien sektorearen balio osoaren jasangarritasuna bultzatzeko” izeneko proiektuaren baitan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatuta, balioztapena egiteko kontuan hartu da EAEko ikastetxe eta beste kolektibo batzuen menuetan ohikoa den plater baten bizi ziklo osoa: patata tortilla, letxuga eta tomate goarnizioarekin.

NEIKER-Tecnaliak eta AZTIk metodologia bat baliozkotu dute, ingurumen, gizarte eta ekonomiako adierazleetan oinarrituta, nekazaritzako elikagaien jasangarritasuna ebaluatu ahal izateko, eta bertako lehengaiak erabiltzearen balioa erakusteko, kolektibitateen sektorean menu jasangarriagoak diseinatzeko. Zehazki, letxuga eta tomate goarnizioarekin lagundutako patata tortilla plater bat prestatzeko erabiltzen diren osagaien ingurumen portaera aztertu da, eta baita eskola menuko platera bera ere.

Ingurumen adierazleen balioztapena Auzolagun enpresarekin lankidetzan egin da, tokiko produktuetatik abiatuta menu jasangarriagoak diseinatzeko asmoarekin. Adierazleak Auzo Lagun S. Coop.en hainbat hornitzaileren produktuetan balioztatu dira: Avícola Arbaraitz (arrautzak), Bacalaos Giraldo (patata eta kipula prestatua), Barrenetxe (tomatea), Garaia eta Artandi (letxuga eta tomatea).

Aldi berean, produktu horiek Euskadin eskuragarri dauden aztertu da –eskaria eta eskuragarritasuna gurutzatu dira–, baloratzeko ea posible den catering enpresa horrek bertako nekazaritzako produktuekin erantzutea elikagai jasangarrien inguruko behar gero eta handiagoei.

Egitasmoak tokiko produktuen ingurumen, gizarte eta ekonomi jasangarritasuna ebaluatzeko sistema bat eskaintzen du, modu neurgarri eta fidagarrian, nekazaritzako elikagaien jasangarritasunaren hainbat adierazleren bitartez.

Adierazleen multzo hori funtsezko metodologia moduan aurkeztu da, tokiko nekazaritzako elikagaiak sustatzeko, argudio objektibo eta zorrotzetan oinarrituta, eta baita ere bertako produktuen onurak eta ahulguneak baloratzeko, gaur egun inportatzen ari diren produktuekin alderatuta.

Ekoizpenean erabiltzen den ur kantitatea, karbono aztarna, alferrik galtzen diren elikagaiak, fitosanitarioen erabilera edo lehengaiek elaborazio lantegira iristeko egiten duten distantzia dira neurtutako parametroetako batzuk.

Azterketan baieztatu denez, enpresa nekazaritzako elikagaien katearen zein mailatan dagoen, adierazle batzuk beste batzuk baino esanguratsuagoak dira. Ildo horretan, hobekuntzaren aldeko adierazleak, esaterako, presio fitosaniatarioa eta nutrienteen balantzea, edo biodibertsitatea mantentzearen ingurukoak esanguratsuagoak dira lehen sektoreko produktuen ingurumen jasangarritasuna ebaluatzeko, eta, aldiz, eraldatutako produktuetarako, saihestu egin daitezke, ez dutelako informazio garrantzitsurik gaineratzen.

Proiektu berritzailea

Ingurumen inpaktua ebaluatzeko metodologia horrek eragin nabarmena izango du produktibitatean zein jasangarritasunean, bai kolektibitateei zuzendutako cateringaren sektorean, bai hori hornitzen duen lehen sektorean. Cateringari dagokionez, lehendabiziko aldiz balioztatuko da osagaien %100 tokikoak dituen produktu baten ingurumen adierazleen eta adierazle sozioekonomikoen multzoa, neurri plan bat diseinatu ahal izateko, ingurumen iraunkortasuna eta iraunkortasun sozioekonomikoa hobetzera eta balio kate osoaren onuren balioa erakustera zuzenduta.

Gainera, tokiko produktua eskuratu ahal izateari buruzko azterketak (hornitzaileak, sasoikotasuna, etab.), eta sektorearen beharrei buruzko azterketak aukera emango dute estrategiak ezartzeko, tokiko lehengaiak egonkortasunez hornitzeko, kolektiboei zuzendutako platerak prestatzeko. Estrategia horiek argudio objektiboak emango dizkiete enpresei, ahal den heinean, euren menuak tokiko osagaiekin diseinatzeko. Elementu hori oso baliagarria izango da administrazioak ere jasangarritasun baldintza lorgarriak definitu ahal izan ditzan.

Horren guztiaren emaitza izango da tokiko lehengaiak erabilgarriago egongo direla, tokiko ekonomia gehiago aktibatuko dela, itzulketa ekonomiko bat gertatuko dela eta tokiko enplegua segurtatuko dela.

NEIKER-Tecnaliari buruz

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen ahalegina nekazaritzako elikagaien sektorea berritzera dago bideratuta, hainbat ardatzetan, betiere irtenbide berritzaileak eta transferigarriak emateko, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzako produkzio sistemen lehiakortasuna hobetzeko.

Jarduera horien emaitzek, bestalde, nekazaritzaren sektorean etengabeko hobekuntza eta berrikuntza izaten laguntzen dute; esaterako, ekonomiatik bioekonomiarako konbergentzia lortzeko soluzioak sortzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorean medikamentu eta fitosanitarioen arrazionalizazioa lortzea, datu prediktiboen eta zientifikoki aurreratuen modelizazioa eta tratamendua egiteko tresnak sortzea, edo laboreetako teknikak bilatzea produktu berriak sortzeko, naturalagoak, osasungarriagoak, sentsorialki hobetuak eta tokian-tokian sustraituak.

AZTIri buruz

AZTI ikerketa zentroa espezialista da elikaduraren balio katean, eta ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berria sortzeko. Bezeroei ematen dizkien soluzio integral eta berritzaileak baliagarriak dira, oinarri gisa, negozio berri eta berritzaileak dinamizatzeko.

AZTIren helburua Zientzia Garapen Jasangarri eta Osasungarri bihurtzea da. Horretarako, lantalde trebatu eta ilusionatu baten bidez, bezeroekin sinbiosian eta lotura estrategikoan oinarritzen den harremana lantzen du AZTIk. Hala, bezeroei balioa ematen die, eta lehiakortasunean hobera egiten laguntzen, garapen ekonomiko eta sozialaren mesedetan.

Egindako lan eta ikerketek munduko institutu onenen artean jarri dute AZTI, artikulu bakoitzeko aipamen indizearen arabera, bere hainbat ikerketa arlotan. Era berean, AZTIk arrantza kudeaketan diharduten nazioarteko erakundeetako batzorde zientifikoetan parte hartzen du, itsas ingurune desberdinetan kudeaketa neurriak eta arrantza kuotak zehazten, baliabideen erabilera jasangarria helburu.

Ausolan Taldeari buruz

Kapitalaren %100 espainiarra duen enpresa taldea da Ausolan, kolektibitateei zuzendutako sukaldaritzan liderra eta Mondragon Taldeko kidea. Berrogeita hamar urteko historia enpresa, ikastetxe, ospitale eta egoitzetan banatzen, besteak beste; baita zerbitzu profesionalak eskaintzen ere garbitasunaren zein ekitaldiak antolatzearen esparruan.

Ausolanen balioa bere proiektu sozio-enpresarialean datza, zeinak, balio kooperatiboetan inspiratuta, partaideen garapena eta parte hartzea sustatzen duen, ilusioa eta konpromisoa sortuz.

Lantaldea 13.000 langile inguruk osatzen dute, egunero 260.000 menu baino gehiago zerbitzatzen ditu 2.100 bezero baino gehiagoren artean, eta iaz 230 milioi euro inguruko fakturazio bolumena lortu zuen.