Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Medikamendu-ontzien birziklapena % 6 hazi da batez beste Euskal Autonomia Erkidegoan azken bost urteetan

Argitalpen-data: 

SIGRE.jpeg
  • Euskadin 832 SIGRE puntu daude; bertan utzi behar dira medikamenduen hondarrak eta medikamendu horien ontzi hutsak, behar bezala birziklatu daitezen. 
  • 2018an, Euskal Autonomia Erkidegoko SIGRE puntuetan ontzi hutsen eta medikamendu-hondarrak dituzten ontzien 116,16 gramo jaso ziren batez beste, biztanle bakoitzeko; hau da, Estatuko batezbestekoa baino 12 puntu gehiago. 
  • Farmazia-laborategiek ezarritako ekodiseinuko ekimenek medikamendu-ontzien % 25aren pisua eta bolumena murriztea lortu dute, horrek dakarren ingurumen-aurrezpenarekin. 
  • Euskal herritarren % 98aren arabera, SIGRE puntuaren kokapenik onena farmazia da eta % 95a medikamenduak behar bezala birziklatzeko beharraz jabetuta dago.

 

Medikamendu-ontzi hutsen zein medikamendu-hondarrak dituzten ontzien birziklapena, SIGRE puntuei esker, % 6 hazi da batez beste Euskal Autonomia Erkidegoan azken bost urteetan zehar. Hala jakinarazi du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Elena Morenok, Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko presidente eta Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazi Kontseiluko presidenteordearekin, Milagros López de Ocárizekin, eta SIGREko zuzendari nagusiarekin, Juan Carlos Mampasorekin, batera.

17 urte bete dira euskal farmazietan SIGRE puntuak ezarri zirenetik eta, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 831 farmaziek dute SIGRE puntu bat. Modu horretan, etxebizitzatik gertu dagoen birziklapen-puntu bat eskaini nahi da, aipaturiko hondakinak gaika biltzeko beharrezkoak diren ingurumen- eta osasun-bermeak betetzen dituena. 2018an, Euskal Autonomia Erkidegoan ontzi hutsen eta medikamendu-hondarrak dituzten ontzien 116,16 gramo jaso ziren batez beste, biztanle bakoitzeko; hau da, Estatuko batezbestekoa baino 12 puntu gehiago.

Zentzu horretan, herritarren % 98aren arabera, SIGRE puntuaren kokapenik onena farmazia da. Medikamendu-ontzien (hutsak edo hondarrak dituztenak) birziklapenaren kasu zehatzean, euskaldunen % 95a dagoeneko jabetu da egoeraz eta kontziente da aipaturiko hondakinak birziklatzeko SIGRE puntua ez erabiltzea eta medikamendu-hondarrak zakarrontzira edo hustubidetik botatzea kaltegarria dela ingurumenarentzako; ura kutsatzen duelako eta kalteak eragiten dituela ekosistemetan.

“Beharrezkoa da farmakoen soberakinak zein medikamenduen ontzi hutsak farmaziako SIGRE puntura eramatea. Herritarrak konturatu dira medikamenduen hondarrak zakarrontzira edo hustubidetik botatzeak kalteak eragiten dituela ingurumenean. Baina, agian, ez dakigu medikamendu bat izan duen ontzi batek, hutsik egon arren, medikamendu horren arrastoak izan ditzakeela eta, hortaz, ingurumen-tratamendu berezi bat jaso behar duela”, nabarmendu du Elena Moreno sailburuordeak.

Juan Carlos Mampaso SIGREko zuzendari nagusiaren arabera, “ontzien eta medikamendu-hondarren birziklapenarekin loturiko onura bikoitzak, ingurumen-onurak eta onura sozio-sanitarioak, harrera oso ona izan du Euskal Autonomia Erkidegoan; are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoa aipaturiko hondakinak gehien birziklatzen dituen autonomia erkidegoetako bat da”.

Ontzi iraunkorragoak

SIGRE farmazia-sektoreko ontziak Prebenitzeko Enpresa Planak (PEP) koordinatu eta sustatzeko erakunde arduraduna da eta bere helburua farmazia-industriak merkatuan jartzen dituen medikamendu-ontzien ingurumen-eragina minimizatzea da eta ontzi horiek geroz eta ekologiko eta iraunkorragoak izan daitezen bilatzen du.

Orain arte, arrakastaz bete dira 2000. eta 2017. urteen bitartean abiarazitako hiru urtez behingo sei planak eta hasiera batean aurreikusitako helburuak gainditu dira. Gaur egun, martxan dago hiru urtez behingo zazpigarren martxa, 2018-2020 aldiari dagokiona.

Farmazia-laborategiek ezarri dituzten ekodiseinuko 2.400etik gora neurri eta ekimenei esker, farmazien bitartez banaturiko medikamendu-ontzien % 25aren pisua edo bolumena murriztea lortu da eta, ondorioz, murriztu egin dira medikamendu-ontzi horien ekoizpenean, garraioan eta birziklapenean erabilitako lehengaiak eta baliabideak; Europako Batzordeak bultzaturiko ekonomia zirkularraren ereduaren jarraibideen ildo beretik.