Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen Sailak airearen kalitatearen adierazle berriak ezarri ditu bere Sarean, Europako Agentziaren arauen araber

Argitalpen-data: 

Estaci_n_de_la_Red_de_Control_de_Calidad_del_Aire_en_Bilbao.jpg
  • Sareko estazioek bihartik aurrera atmosferaren kutsadura-erregistroa Europako adierazleetara egokituta eskainiko dute. 
  •  Adierazle berriak airearen kalitate-maila honako bost kutsatzaile hauen arabera definituko du: Oso ona, Ona, Hala moduzkoa, Txarra eta Oso txarra

Gaurtik aurrera, hilak 12, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orriak eskuragarri ditu egunero Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak erregistratzen dituen kutsadura-adierazleak, Ingurumeneko Europako Agentziak definitutako parametroetara egokituta. Hala, Euskadi aurreratu egin da eta epe ertainera derrigorrez Europar Batasuneko lurralde osoan ezarriko diren irizpideak ezarri ditu. Horiek airearen kalitatea neurtzeko eta herritarrei informazioa eskaintzeko irizpideak bateratzeko dira.

Europako adierazleak euskal Sarearen estazio bakoitzaren inguruneko airearen kalitatearen egoera bost kutsatzaileren arabera adierazten ditu: partikula esekiak (PM2,5 eta PM10), ozono troposferikoa (O3), nitrogeno dioxidoa (NO2) eta sufre dioxidoa (SO2). NO2, O3 eta SO2 kutsatzaileen kasuan, ordutegi-kontzentrazioen balioak erabiliko dira indizea kalkulatzeko. PM10 eta PM2,5 partikulei dagokienez, kalkulua aurreko 24 orduetako batez besteko mugikorraren arabera egingo da.

Adierazle berriak airearen kalitate maila bost mailatan banatzen du: Oso ona, Ona, Hala moduzkoa, Txarra eta Oso txarra, eta orain arte hau izan da definizioa: Oso ona, Ona, Hobegarria, Txarra eta Oso txarra. Bereziki nabarmentzekoa da kutsatzaile bakoitzarentzako maila bakoitzean ezarritako balio-tarteak Europa mailan bateratu direla, eta honako hauek izango dira:

Airearen kalitate-egoera

SO2

NO2

O3

PM10

PM2,5

OSO ONA

0-100 μg/m3

0-40 μg/m3

0-80 μg/m3

0-20 μg/m3

0-10 μg/m3

ONA

101-200 μg/m3

41-100 μg/m3

81-120 μg/m3

21-35 μg/m3

11-20 μg/m3

HALA MODUZKOA

201-350 μg/m3

101-200 μg/m3

121-180 μg/m3

36-50 μg/m3

21-25 μg/m3

TXARRA

351-500 μg/m3

201-400 μg/m3

181-240 μg/m3

51-100 μg/m3

26-50 μg/m3

OSO TXARRA

501-1250 μg/m3

401-1000 μg/m3

241-600 μg/m3

101-1200 μg/m3

51-800 μg/m3

Euskal Sarea osatzen duten 53 estazio bakoitzak eskainiko duen airearen kalitatearen indize globalak adieraziko du bost kutsatzaileek lortutako mailarik okerrena.

Herritarrei atmosferaren kutsadura maila jakinarazteko betebeharra Europako Parlamentuak eta Batzordeak 2008/50/EE Zuzentarauari jarraitutako araudiak ezarri du. Horrek definitu eta ezarri zituen airearen kalitateari buruzko helburuak, kutsadurak gizakien osasunean eta ingurumenean dituen ondorio kaltegarriak ekidin, prebenitu edo murrizteko, EBko estatu kideen airearen kalitatea metodo eta irizpide bateratuen bidez ebaluatzeko, eta informazio hori herritarrei helarazten zaiela bermatzeko.

Informazio homogeneoa

Hala ere, orain arte ez zegoen informazio horren parametroak Europa mailan homogeneizatzeko erreferentziarik eta, beraz, Batasuneko estatu eta autonomia-erkidego edo eskualde bakoitzak bere irizpideen arabera eskaintzen zituen lurraldearen airearen kalitatearen adierazleak.

Hori dela eta, Ingurumeneko Europako Agentziak eta Europako Batzordeak airearen kalitatearen indizearen online zerbitzuaren bidez abiarazi zuten Batasun osoko lurraldean gaiari buruz eskuragarri dagoen informazioaren estandarizazioa. Horretarako, Europa osoko airearen kalitatea neurtzeko 2.000 estazio baino gehiagotan egin zituzten neurketak, eta horien artean daude Euskadiko Sareko estazioak. Neurtzen diren balioak eta hori nola helarazi homologatzeko ez da derrigorrezko lege-xedapenik egin, baina Ingurumen Sailak bere egin du kalitate-adierazleak Euskadin egokitzeko.

Herritarrentzat gaurtik aurrera daude eskuragarri Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen adierazle berriak, pasa den urtarriletik hona estazioen neurketa-taldeek egindako probak gainditu ondoren, sistema informatikoa berriz programatu baita Ingurumeneko Europako Agentziaren parametroetara egokitzeko.