Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Guardian egingo da ardoaren marketineko, enoturismoko eta gastronomiako aditu ikastaro aitzindaria, maiatzetik aurrera

Ikastaroa1.JPG

2019.eko martxoak 04

• Beren produktua merkatu nazionalean eta internazionalean modu eraginkorrenean saltzen ikasiko dute bertaratuek, bai eta posizionamendu bereizgarri bat lortzen ere, ardoa gastronomiarekin eta enoturismoarekin lotuz.

• Prestakuntza maiatzean hasiko da, presentziala izango da, eta 185 orduko iraupena edukiko du gutxi gorabehera, 12 ETCS.

• Basque Culinary Centerrek, Arabako Ganbarak eta Hazik antolatu dute ikastaroa, eta Daviseko Kaliforniako Unibertsitateak parte hartuko du bertan, ardoaren marketin internazionalaren modulua emanez eta gidatuz.

Maiatzetik uztailera bitartean ardoaren marketineko, enoturismoko eta gastronomiako aditu ikastaroa egingo da Arabako Errioxako Guardia herrian, eta gaur goizean ikastaroaren aurkezpena egin da Guardiako Kuadrillaren egoitzan. Aurkezpen ekitaldian egon dira, besteak beste, Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea), Eduardo Aguinaco (Arabako Nekazaritza Diputatua), Joxe Mari Aizega (Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusia), Santiago Barrueco (Arabako Ganbera-ko Merkatu zuzendaria) eta Asier Arrese (HAZI Fundazioko zuzendaria). Horiez gain, Daviseko Kaliforniako Unibertsitateko School of Continuing and Professional Studies eskolako Departamentuko zuzendari James A. Brown –bidekonferentziaren bitartez– eta eskola horrek Espainian duen ordezkari Manuel Hurtado ere egon dira aurkezpenean.

Orokorrean, hauek izango dira ezagutza arloak: enoturismoaren kudeaketa, marketina-komunikazioa eta upategiko salmenta, nazioarteko salmenta, eta gatronomia ardoen bultzatzaile gisa. Metodologiari dagokionez, klase presentzialak, jarduera ez-presentzialak, ikasteko bisitak, benetako kasuen aurkezpenak eta ikastaro amaierako proiektua egongo dira.

Ikastaroaren koordinatzaile batek, Basque Culinary Center Gastronomiako Fakultateko hainbat irakaslek osatuko dute irakakuntzarako egitura, bai eta Daviseko Kaliforniako Unibertsitateko School of Continuing and Profesional Studieseko irakasleek ere, ardoaren marketin internazionaleko modulua emango baitute Arabako Errioxara bertara etorrita. Horiek denak ez ezik, programaren irakasgaietako aditu ugarik eta sektoreko gonbidatuek kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak ezagutaraziko dituzte. Era berean, programak Daviseko Kaliforniako Unibertsitatean ikastaroak astebete luzatzeko aukera ematen die parte hartzaileei, Unibertsitate horrekin dagoen akordioari esker. Luzapen horretan, AEBko ardoaren merkatuari buruzko prestakuntza espezifikoaz aparte, parte hartzaileek hango upategiak eta profesionalak bisitatuko dituzte.

Ikastaroa egiten duten pertsonek matrikularen zenbatekoaren %50era arteko beka eskuratu ahal izango dute, beketarako ezarritako baldintzak betez gero.
Basque Culinary Center prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza proiektu anbiziotsua da, gastronomiaren eta elikaduraren sektorearen garapen sozio-ekonomikora bideratuta eta bokazio internazional garbiarekin.

Proiektu berezia eta berritzailea da, eta bere baitan hartzen ditu Gastronomia Zientzien Fakultatea, Mondragon Unibertsitateari atxikita dagoena, eta BCC Innovation Elikadurako eta Gastronomiako Ikerketa eta Berrikuntzako Zentroa. Prestakuntza honen titulua Basque Culinary Centerrek emango du, Mondragon Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien fakultatea baita.

Daviseko Kaliforniako Unibertsitatea, berriz, prestakuntza mota hau ematen duen unibertsitate ospetsuenetakoa da mundu mailan eta erabateko erreferentea AEBn. Daviseko Kaliforniako Unibertsitateak Ardoaren marketin internazionaleko modulua gidatuko du; beraz, bertako irakasleak astebete egongo dira Arabako Errioxan prestakuntza hori emateko, eta horretaz aparte on-line tutoretza ere eskainiko dute prestakuntza presentzial hori osatzeko.

Ikastaroa batez ere Euskadiko ardogintzarekin eta sagardogintzarekin lotura duten profesionalei zuzenduta dago (Arabako Errioxa eta Arabako, Bizkaiko, Getariako Txakolinak, eta Euskal Sagardoa); hauek dira, beraz, ikastaroaren xede den publikoa: gerenteak; marketineko, komertzialeko eta esportazioko arduradunak; hoteletan, jatetxeetan bezeroekin harremanetan dauden pertsonak; eta agentzia hartzaileak eta belaunaldi berriak.

Hitz batean, prestakuntza honen bitartez eskuratuko dituzten ezagutza berriekin, ikastaroko parte hartzaileak profesionalki hobetuko dira bai produktua saltzen, bai bezeroak erakartzen eta leial bihurtzen. Horretarako, arlo horietan dauden profesionalik hoberenen laguntza eduki da. Euskadiko ardoak mundu osoan posizionatzen lagunduko duten profesionalak dira, ardoen salmentarekin eta komunikazioarekin lotura duten alderdiak sustatzen eta esperientzia desberdinen sorrera bultzatzen lagunduko dutenak, upategietako bisitak gastronomiarekin zerikusia duten alderdiekin osatzeko.

Ikastaroaren webguneawww.expertoenmarketingyturismodelvino.com