Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta UEMAk Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute, euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta UEMAk Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute, euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko

Argitalpen-data: 

Aurkezpenean izan dira, baita ere,  Abaltzisketa, Aia, Itziar, Aramaio, Lekeitio eta Azpeitiko alkateak.
  • Komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpenak eta ‘Kartzela’ serie digitala izango dira proiektuaren osagai nagusiak.

 

Gasteiz, 2019/09/30       

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute gaur, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean  duten garrantziaz. Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute.

Gaurko prentsaurrekoan proiektua babesten duten erakundeetako ordezkariak izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua;  Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea. Halaber, ekimen honetan parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneek daukaten garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.

Abiapuntua

1991an Joshua Fishman soziolinguistak nabarmendu zuen zein garrantzitsua den hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako breathing space edota arnasgune bat. Harrezkeroztik, arnasguneak zaintzea gai estrategikotzat hartu da hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Euskara ez da salbuespena izan, eta azken hamarkadetan lan handia egin da arlo horretan (aipatzekoa da Mikel Zalbide euskaltzainak egin duen lana). Kezka horretatik sortu zen, esate baterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta bide horretan sustatu dira hainbat eta hainbat ekimen.

Soziolinguistika gaietan adituak direnentzat gai ezaguna bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat. Horregatik, hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakundeak arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina bat abian jartzea erabaki zuten, UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.

Ikerketa, abiapuntua

Gaur egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen pausoa. Ikerketa kualitatibo bat egin zen, partehartze prozesuak herriz herri eginez. Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Iametza komunikazio-enpresa eta UEMA. Eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta atera ziren, oso baliagarriak izan direnak geroko proiektua taxutzeko.

Arnasguneen artean aniztasun handia dagoen arren (nekazal-guneak, industria-guneak, turismo-guneak…), zortzi herri horietako esperientziak erabili ziren ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko. Ondorioen artean era askotako gogoetak atera ziren, ikuspegi positiboak zein kezkak. Hala, herriotan egindako saioetan nabarmentzen zen elkarrizketatu gehienek azpimarratzen zutela beren herrietan “euskaraz bizi daitekeela naturaltasun osoz” eta aipatzen zen gazteak direla euskarari gehiagotan eusten diotenak herritik ateratzean. Era berean, parte hartu zutenek nabarmentzen zuten merkataritzan zein ostalaritzan euskara dela hizkuntza nagusia. Hala ere, herritarrek nolabaiteko gainbehera sumatzen zuten euskararen erabilerari dagokionez. Zenbait partehartzailek –nagusienek batez ere– norberaren euskalkiarekiko konplexuak ere badirela adierazi zuten eta, beste ondorio bat aipatzearren, adierazten zuten “lantokietan gaztelerak presentzia altua” duela.

Arnasguneen errealitatea eta garrantzia

Arnasguneak zein diren adierazteko ez dago marra zurrun bat; oro har, euskararen ezagutza zein erabilera % 80 ingurukoa dutenak sartzen dira multzo horretan. Arnasguneetan honako ezaugarri hauek betetzen dira:

  • Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan.
  • Arnasguneetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza. Bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dute euskera, azken batean, arnasguneetan euskaraz egitea da arau soziala.
  • Lurgune euskaldunean euskararen indize altuenak dituzten herriak biztanle gutxi dituzten herriak izan ohi dira, oro har. Aldaketa sozioekonomikoek eta demografikoek eragin zuzena izan ohi dute arnasguneetan, eta erraza da errealitate soziolinguistikoan eragitea, horregatik hauskortasunaz hitz egiten da arnasguneen izaera azaltzean.

Soziolinguisten arabera, arnasguneak bereziki garrantzitsuak dira euskara indarberritzeko prozesuan honako arrazoiengatik:

  • Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalkuntzan. Erakutsi dute posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan. Gainera, arnasguneetako erakunde asko eredu dira euskara administrazioan era trinkoan erabiltzeko orduan.
  • Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz.
  • Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, euskara-ohiturak hedatzeko ahalmen handia dute.

Arnasguneen kontzeptuaz gain, ‘udalerri edo herri euskaldun’ kontzeptua ere erabili ohi da. Herri euskaldunek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte arnasguneekin, baina ez guztiak. Euskararen ezagutza eta erabilera altua izaten da horietan ere, baina atzerago egoten dira. Proiektu honetan parte hartuko duten herri ia guztiak arnasguneak dira, baina baten bat ‘herri euskaldun’-en  tipologian sar liteke.

Proiektuaren nondik norakoak

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealitatea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian diseinatzeko moduan izan dira. Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu eta hiru osagai nagusi, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala.

Lehenengo fasean (urrian eta azaroan zehar) anasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da. Komunikazio kanpaina baten bitartez (sareetan eta tokiko hedabideetan) eta aurkezpen-ekitaldien bidez, Arnasa Gara ekimenaren nondik norakoak azalduko dira eta arnasguneek duten garrantziaren gaineko kontzientziazioa landuko da. Ahalduntze eta aitortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen-ekitaldietan Kartzela serie digitala aurkeztuko da. Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta Kartzela serieko bina aktorek ere parte hartuko dute. Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezala zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aktoreen hitz-hartzea… Kartzela serie digitalaren lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera izango da. Saioaren amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo dituzte, mokadu batez lagunduta. Ordu eta erdiko saioa izatea aurreikusten da.

Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da Kartzela serie digitala egiteaz. Zazpi kapitulu izango ditu eta kanpainaren elementu berritzailea izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira.

Aktorea

Pertsonaia

Herria

Iratxe Urkiaga

Mara

Lekeitio

Sambou Diaby

Iba

Zumaia

Juanen Saralegi

Juan

Lesaka

Erika Olaizola

Iune

Azpeitia

Amaiur Epher

Ekhi

Donibane Garazi

Ainhoa Etxebarria

Garazi

Ondarroa

 

Arnasguneetan egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia eta elkarrizketetan ateratako zenbait gai jorratuko dira, zeharka nahiz zuzenean:

  • Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak.
  • Euskara eta euskal kultura bereziki baloratzen ez duen gaztea vs jarrera kontzienteagoak.
  • Beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak. Haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak.
  • Arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna.
  • Ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera.
  • Hitanoaren erabilera eta generoa.
  • Pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei. Arnasguneetakoak dira, baina era askotakoak eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

Orotara 22 udalerritan egingo dira saioak:

  • Araba: Aramaio.
  • Behe Nafarroa: Baigorri.
  • Bizkaia: Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanuri.
  • Gipuzkoa: Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerain.
  • Nafarroa: Etxarri-Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesaka.

Bigarren fasea

Kanpainaren bigarren fasean mezua Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko da. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat (EiTBk zabalkunde horretan lagunduko du) eta helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea. Bigarren fase honetan arnasguneak ezagutzera eman nahi dira eta euskaldun guztion aurrean aitortu egin nahi zaie daukaten garrantzia eta egiten duten ekarpena. Ekimenaren inguruko informazioa webgune honetan kontsultatu daiteke: www.arnasagara.eus