Segurtasun Saila

Euskalmetek iragartzen du Aste Santuan ziurgabetasuna gailenduko dela

Argitalpen-data: 

Egun batzuetan eguraldi aldakorra izan ondoren

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziak azpimarratu du egun batzuetan eguraldi aldakorra izan ondoren ziurgabetasuna izango dela Aste Santuko iragarpenen protagonista, batez ere goi geruzetan aire-masa hotz bat (DANA) iristear delako.

Berez, gaur, astelehena, hilak 15, arratsaldean iritsiko den fronteak erabat aldatuko du haizearen norabidea mendebaldera edo ipar-mendebaldera, bolada zakarrak eta oso zakarrak izango ditugu, eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Tenperaturaren beherakada hori nabarmenagoa izango da itsasertzean, ordubetean 8 gradutik 12 gradura bitartean jaits baitaiteke. Era berean, ekaitz-zaparradak ere espero dira, eta zenbait tokitan handiak izan daitezke eta txingorra ere bota dezake.

Euskalmeten arabera, bihar, asteartea, hilak 16, goizaldean egin dezake euria, batez ere EAE ekialdean, baina goizean zehar atertu egingo du eta hodeiak arintzen joango dira. Eguerditik aurrera ez da hodei askorik espero, nahiz eta tenperaturek nabarmen egingo duten behera astelehenekoekin alderatuta, eta 18 ºC-tik beherakoak izango dira.

Asteazkenerako iragarpenaren arabera, hegoaldeko haizea nagusituko da eta tenperaturek nabarmen egingo dute gora egunez, bereziki Kantauri isurialdean. Asteazkenean, beraz, giro eguzkitsua izango dugu, nahiz eta arratsalde-gaualdean berriz ere hodeiak joango diren nagusitzen.

Ziurgabetasuna datorren ostegunetik aurrera izango da protagonista, egun horretan goi geruzetan aire-masa hotza (DANA) iritsiko dela aurreikusten baita. Iberiar Penintsulan hartzen duen bidearen arabera, bi egoera izan ditzakegu. Lehenengoan eguraldi ezegonkorra eta hezea izango litzateke, eta hodei ugari izateaz gainera tenperaturak, egunez, 14 eta 18º C artekoak izango lirateke; bigarrenean ezegonkortasuna ez litzateke hainbestekoa izango eta ez litzateke hainbesteko prezipitazio-arriskurik izango.

Laburbilduta, gaur, astelehena, arratsalderako aurreikusitako frontea igaro ondoren asteartean eta asteazkenean eguraldi egonkorra eta lehorra izango dugu, nahiz eta tenperaturek gorabehera handiak izango dituzten; asteartean giroa freskoa izango da eta asteazkenean tenperaturek nabarmen egingo dute gora.

Hortik aurrera ziurgabetasuna handia da, eta bi egoera gerta litezke. Eguraldi ezegonkorra, hezea eta freskoa izan dezakegu, edota, ekialdeko haizeak joko balu, zertxobait egonkorragoa, ez hain hodeitsua eta prezipitazio-arrisku gutxikoa.  

 

 Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.