Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskal upategiak AEB eta Japoniako merkatuak ari dira aztertzen beren ardoak nazioartekotzeko aukera moduan

Jornada_EEUU_Japon_2.jpg

2019.eko otsailak 14

• Jardunaldia Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak Ipar Amerikako eta Asiako merkatuetan antolatutako jarduera komertzialen barruan kokatzen da, ardogintzako enpresek erakutsi duten interesa dela eta

• AEB da EAEko ardoetarako bigarren merkatua, 28 milioi euroren salmentekin, eta Japonia, berriz, 13. lekuan dago, 2,6 milioi euroren salmentekin.

• Eusko Jaurlaritzak MAE Sustapena eta Lehiatu programak ditu EAEko nekazaritza-elikadurako enpresei laguntzeko kanpoko merkatu horietan euren produktuak sustatzeko.

Gaur goizean egin da AEBko eta Japoniako ardo merkatuen gaineko jardunaldia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak antolatuta, HAZI Fundazioaren lankidetzarekin. Jardunaldiaren helburua izan da upategi eta ardogintzako enpresei informazioa ematea nazioarteko bi merkatu horiek ardoaren sektorean duten bilakaerari eta portaerari buruz, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzak enpresei eskaintzen dizkien tresna finantzarioez eta komertzialez informatzea eta 2019an martxan jarritako Caprice eta Prestatu programak aurkeztea.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria Peli Manterolak inauguratu du euren produktuak iparramerikar eta asiar merkatuetara esportatu nahi dituzten ardogintza sektoreko enpresei zuzendutako topaketa.

Azken urteetan, enpresa bitibinikolek interesa erakutsi dute bi merkatu horien alde. Ondorioz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak hainbat ekintza komertzial antolatu ditu merkatu horietako batzuetan nekazaritza-elikagaien euskal enpresentzat.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak bi laguntza lerro ditu bertako produktuak kanpoko merkatuetan promozionatzen laguntzeko: MAE Sustapena, soilik ardora zuzenduta, eta LEHIATU Sustapena, mota guztietako nekazaritza-elikagaiak sustatzeko.

MAE Sustapena laguntza lerroak 8 milioi euroko aurrekontu bat du 2019ko ekitaldi honetarako, Europako funtsetatik lortuak. 2018an, programa horren bitartez 7,35 milioi euro eman zitzaien 34 enpresari.

LEHIATU Sustapena programak, berriz, 500.000 euroko aurrekontua du, EAEko aurtengo Aurrekontu Orokorretatik lortuak. 2018an 320.000 euro banatu zitzaien 51 enpresari.

Estatu Batuetako eta Japoniako merkatuak

Jardunaldian zehar, parte hartzaileek AEB eta Japoniko merkatuek ardo produktuei buruz duten bilakaera eta portaera ezagutu ahal izan dute Ardoaren Merkatuaren Behatokiko (OEMV) zuzendari nagusi Rafael del Reyren eskutik.

Del Reyk zehaztu duenez, AEB da EAEko ardoetarako bigarren merkatua, 28 milioi euroren salmentekin, eta hirugarrena da esportazioen bolumenari dagokionez, ia bost milioi litrorekin; Japonia, berriz, 13.a da, 2,6 milioi eurorekin eta 0,6 milioi litrorekin besterik ez.

Euskadik bi merkatu horietan saltzen duen ardo mota batez ere JIB duen ardoa da, beltza eta gorria (totalaren %80 AEBn eta %62 Japonian), eta ardo zuritik ere zerbait, Japonian pisu handiagoa duelarik (totalaren %16) AEBn baino (%11).

Bi kasuetan, merkatu baliotsuak dira, eta esportatzen diren ardoen prezioak batez bestekoak baino askoz altuagoak dira. EAEko ardoen esportazioen batez bestekoa 3,65 €/l izanik (bertako ardoak zein beste leku batzuetatik merkaturatzen direnak kontuan izanda), AEBn ordaintzen den prezioa 5,68 €/l da, eta Japonian 4,10 €/l, eta are gehiago ordaintzen dira jatorri izendapena duten ardoak, bi merkatuetan saltzen direnetatik gehienak izanik.

Euskal Produktuak nazioartean sustatzen laguntzeko programak

Gaurko topaketan, HAZI Fundazioko Sustapeneko zuzendari Josu Garaialdek EAEko nekazaritza-elikadurako enpresek eskura dituzten bi programa berriak aurkeztu ditu, beren produktuak nazioartean promozionatzeko jardueretan laguntzeko: CAPRICE eta PRESTATU.

“Caprice - Chill with an appetiser with European wine and quality products” programaren oinarrian dago nekazaritza-elikagaien enpresek jardunaldian aztertutako merkatuei begira duten interesa dago, Jatorri Izendapena duten EAEko txakolinak sustatzeko (Getariako Txakolina JIB, Bizkaiko Txakolina JIB, Arabako Txakolina JIB), kalitateko marka duten produktuekin lagunduta, tartean egonik Eusko Labeleko Ibarrako Piperrak eta Euskadiko Kantauriko Antxoa eta Hegaluzea.

Programa 2018. urtean onartu zuen Europar Batzordeko Kontsumitzaile, Osasun, Nekazaritza eta Elikaduraren Bulego Betearazleak (CHAFEA), eta bere helburuak dira: AEB eta Japoniaranzko esportazioak handitzea hiru JIBetako Txakolinari, Euskadiko Kantauriko Antxoa eta Hegaluze kontserbei eta Eusko Labela duten Ibarrako Piparrei dagokienez; AEB eta Japoniako agente merkaturatzaileen ezagutza eta sentsibilizazioa areagotzea Europako kalitateko nekazaritza elikagaien jatorri, tradizio eta kontsumoari dagokienez; eta bi herrialdeetako biztanleak oro har informatzea produktu horiei buruz, hainbat komunikazio ekintzaren bitartez.

Hori guztia EBko nekazaritza sektorearen lehiakortasuna indartzeko asmoarekin, kontsumoa areagotuz eta bere nekazaritzako produktuen kalitatearen eta jatortasunaren balioa agerian jarriz.

CAPRICEk ikuspegi berritzaile bat planteatzen du, hirugarren herrialdeetako kontsumitzaile eta dinamizatzaileen arreta bereganatzeko, kontsumitzeko zaporea, kultura eta tradizioa uztartzen dituen proposamen baten bitartez.

PRESTATu programa, berriz, EAEko nekazaritza-elikagaien sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako laguntza plan batean kokatzen da, eta aholkularitza zerbitzu guztiz pertsonalizatua eskaintzen du bertako produktuak merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan zabaltzeko Komertzializazio Plan bat garatzeko.

Gaurko jardunaldiaren amaieran Itsasmen txakolin upategiko gerente Garikoitz Riosen testigantzarekin amaitu da, zeinean azaldu baitu nolakoa izan zen beren produktua aztertutako merkatuetan sartzeko prozesua.