Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Artxibo Historikoak erakusketa bat antolatu du Sáenz de Tejada Artxiboaren inguruan, Euskadin dagoen argazki-funtsen bilduma garrantzitsuenetako bat

Bigarrena.jpg

2019.eko martxoak 06

  • 1860tik 1960ra bildutako bost argazki-bilduma hartzen ditu erakusketak eta bihar bertan irekiko da, bisita gidatu baten bitartez.

 

Gasteiz, 2019/03/06

 ‘Exotismoaren bidetik: Sáenz de Tejada argazki bilduma’ izenburupean, Euskadiko Artxibo Historikoak erakusketa bat antolatu du Sáenz de Tejada Artxiboa ezagutzeko. Familia-artxibo horrek bost argazki-bilduma gordetzen ditu, 1860tik 1960ra bilduak, eta bihar inauguratuko den erakusketan 150 argazkirik baliotsuenak biltzen dira. Erakusketari hasiera emateko bisita gidatu bat antolatu da biharko (19.00etan), Juantxo Egaña esposizioaren komisarioaren eta Lee Fontanella estatubatuarraren eskutik, azken hau Espainiako argazkigintzaren historian itzal handiko aditua.

Erakusketa hau Euskadiko Artxibo Historikoari  Sáenz de Tejada Artxiboa laga zaiolako antolatu ahal izan da. Familia-artxibo honen jabeekin egindako hitzarmenean sartu dira hala kontserbazio-lanak nola zabalkundekoak. Asmoa da bilduma katalogatzea eta, horren ostean, digitalizatzea.  Halaber, bere balio paregabea dela eta, erakusketa hau antolatzeko erabakia hartu da. Lee Fontanellak berak bere gain hartu ditu bai erakusketako irudien hautaketa bai katalogoaren prestaketa. Erakusketa apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da, honako ordutegian: astelehenetik ostegunera, 10.00etatik 20.00etara; ostiraletan, 10.00etatik 18.00etara; eta larunbatetan, 11.30etik 14.30era, eta 17.30etik 19.30era.

Euskadiko Artxibo Historikotik adierazi dutenez, Sáenz de Tejada Artxiboak bildutako bost funtsak haren familia osatzen duten adar desberdinetatik datoz. Gehienean, XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen hereneko milaka irudien sailkapena eta bilketa lana da, Carlos Sáenz de Tejadak XX. mendeko hirurogeiko urteetan egindakoa. Carlos Sáenz de Tejada Madrilgo Complutense Unibertsitatearen Amerikaren Historiako irakaslea izan da, baita katedraduna ere Saint Louis Unibertsitatean, Madrilen. Artxiboak argazkilaritza aurreko irudiak gordetzen ditu (miniaturak eta fisionotrazuak), baita dagerrotipoak, panotipoak, albuminak, anbrotipoak, zianotipiak eta ferrotipoak ere.

Sáenz de Tejada

Funts honek Fermín Sáenz de Tejada diplomazialariak bere bidaietan bildutako irudiak gordetzen ditu, XIX. mendeko bigarren erdialdekoak: Hong Kong, Formosa, Berna, Anberes, edo Liverpool, besteak beste.  Halaber, funts honetan, Carlos bere semeak hartutako argazkiak daude, diplomazialaria baitzen hura ere, Afrikako lehen gerran Orango kontsul ibilia, eta irudi ugari utzi ditu. Funts honetan, aipagarriak dira koadro, eskultura eta monumentuen 200 argazkiak, baita Estatuko, Egipto eta Marokoko askotariko hirien panoramikak ere. Garai hartako argazkilari garrantzitsuenek egindako irudiak dira, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera artekoak.

Gorman Dowling

Funts honetan Judith Dowlingen familiaren irudiak gordetzen dira; Judith Carlos Sáenz de Tejadaren emaztea zen. Lehendabiziko argazkiak 1870ekoak dira, eta Bostongo Shurtlepf & Hutchinson argazkilarien ‘cartes de visite’ batzuk dira. Ferrotipo batzuk ere aurki daitezke, baina funts honetako irudi interesgarrienak joan den mendeko 20ko urteetan egindako erretratu piktoralisten sorta bat dira. Gainera, Ambrose Dowlingen gordetako argazki batzuk nabarmentzekoak dira. Ambrose RKO zinema-konpainiaren Europako zuzendaria izan zen, eta argazkiotan zinemako askotariko aktore eta zuzendariekin agertzen da. Irudietan, Ambrose Dowling Constance Bennettekin dagoela ikus daiteke eta, beste batean, berriz, Manhattanen lurreratzen ari den Cliper hegazkin bat, Londresetik helduta.

González del Campillo

González de Campillo familiaren irudiak Carlos Sáenz de Tejadaren amonaren dohaintza bat izan ziren. González del Campillo Mexikon meatzeak zituen familia bat zen, eta gogotik saiatu zen Espainiaren Amerikako koloniak atxikitzen. Familia honen funts garrantzitsuena Agustín González del Campillo diplomazialariarena da. Funtsean, Abdullah anaien irudiak gordetzen dira, Vassilaki Kargopoulo argazkilariarenak, edo González del Campillok hartutako irudiak, Japonia eta Marokoko haren egonaldikoak.

Sánchez Salvador

Funts hau 130 argazkik osatzen dute, gehienean senitarteko eta adiskideen erretratuak, ‘carte de visite’ formaz. Argazkiak mundu osoko estudioek egin zituzten. Hogei bat irudiren bitartez, Kubako familia honetako kideen erretratu batzuk bildu dira, Hamar Urteko Gerrak iraun bitartean hartu zirenak.

Lezama

Eladio Lezamak 300 argazki inguru utzi zituen, gehienean familiako erretratuak, eta 1873ko I. Espainiako Errepublikako irudi alegorikoak ere utzi zituen, baita monarkiari trufa egiten dion argazkiren bat ere. Garai hartako politikari liberal nagusien erretratuak ere badaude, tartean dela Emilio Castelar. Eladiok utzitako funtsen artean, bada 45 ‘cartes de visite’ dituen album bat, uneko politikako askotariko pertsonaiei eta Prim jeneralari buruzkoak.