Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadi, ogiaren eta eraldatu begetalen sektoreetako enpresa txikietarako araudi berezi bat duen lehen Autonomia Erkidegoa

euskadi.jpg

2019.eko martxoak 04

  • Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak eta Osasun Sailak batera egin dituzte euskal arauak, Europako Batzordearen oniritziarekin.
  • Eusko Legebiltzarrak elikagaien eraldaketarako jarduera txikiak, salmentarako zirkuitu laburrak eta tokiko produktuaren baloraziorako planteatutako arau esparrua osatu da. 

Euskadin dauden tamaina txikiko okindegiko eta pastelgintzako lantegiek eta eraldatu begetalen enpresek araudi bereziak dituzte, Europako Erkidegoaren baldintza higieniko eta sanitarioak beren ezaugarrietara moldatzeko. Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretarako Sailak eta Osasun Sailak Europako Batzordearen oniritziarekin elkarrekin landu dituzte arauak, eta beren ekoizpenak zuzenean salduz eta kalitate eta segurtasuneko estandarrak betez eraldatu eta merkaturatu nahi dituzten jarduera txikiei erantzungo diete.

Horrela, Euskadi da azpisektore hauetarako araudi berezia onartuta duen lehen Autonomia Erkidegoa, eta araudi berezi horrek %40ra arteko aurrezpena ekar diezaieke enpresa txikiei, baldintza malguagoak ezartzen baititu haientzat. Araudi horrekin lau dira euskal ekoizle txikiek dituzten arauak, izan ere, aurretik arrautzei, esneari eta beren deribatuei buruzko arauak landu ziren.

Higiene eta osasunaren alorreko Europako araudiak hainbat printzipio orokor ezartzen ditu elikagaien higienearen gainean, besteak beste jarduerak baimendu eta erregistratu beharra, instalazio eta garbiketa jarduera egokiak eduki beharra, analitikak egin beharra eta autokontrolerako dokumentu sistema bat ezarri beharra.

Euskadin landutako lege esparru berriak Europako araudiaren aplikazioa malgutzen du, jarduera txikien ezaugarrietara moldatuta. Esaterako, lokal independenteen kopurua edo autokontrolerako sistemen konplexutasuna murrizten da, une oro Elikagaien Segurtasunaren printzipio orokorrei eutsita.

Arauek Europako Batzordearen oniritzia dute, eta Bruselan kontsulta ofiziala egiteko prozedura bete da, izaera teknikoko arau aldaketa hauetarako beharrezkoa baita.

Produktu eta enpresa onuradunak

Zehazki, hauek dira orain aldaketa horien onura eduki duten produktuak eta jardueren tamainak:

Ogiaren, pastelgintzaren eta irinen sektorean, hauek dira produktuak:  ogia, opil arruntak, pastelak, gozoak, irinak (artoa, garia, etab.) eta ogi birrindua. Ekoizpenaren bolumenari dagokionez, 1250 kg irin baino gutxiago izan behar da astean okindegiko produktuetan, eta pastelgintzaren sektorearen kasuan, lantegiko langileak ezin dira 3 baino gehiago izan.

Eraldatu begetalen sektorean, hauek dira produktuak: kontserba begetalak eta ozpinetakoak, marmeladak eta irasagarra, ernamuinak, zukuak eta deribatuak, begetal zurituak, zatituak, deshidratatu lehorrak edota egosiak eta barazki fresko higienizatuak (4. gama). Ekoizpenaren bolumena produktu eraldatuaren 2.500 Kg baino gutxiago izan behar da urtean, zukuen eta antzekoen kasuan izan ezik, horietan produktu eraldatuaren ekoizpena 5000 litrokoa izango da gehienez ere urtean.

Dekretuaren eremuan sartzen diren produktuak zuzenean edo merkaturatzeko zirkuitu laburrean saldu ahal izango dira Autonomia Erkidegoan, hau da, tokiko eremuko salmenta edo hurbileko salmenta bidez.

Parlamentuko agintaldia

Bi arau hauekin (otsailaren 21ean EHAAn argitaratuak) lau dira jada indarrean dauden eta Eusko Legebiltzarrak elikagaien eraldaketarako jarduera txikiak, salmentarako zirkuitu laburrak eta tokiko produktuaren baloraziorako planteatutako arau esparrua osatzen duten arauak.  Aurrekoak arrautzen eta esnekien eta deribatuen azpisektoreenak dira, eta  horietan ere Euskadi autonomia erkidego aitzindaria izan da. Iaz jarri ziren martxan eta horiekin ustiategien tamaina egokitzen zen eta instalazioei, autokontroleko sistemari eta analitikei buruzko baldintzak malgutzen.

Araudi honen onarpena izan da Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako zuen lehentasunetako bat, sektore primarioak planteatutako zailtasunei irtenbidea eman behar zitzaielako, eta sektore primarioaren lehiakortasuna hobetzeko eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien balio katea garatzeko abian jarri diren tresna nagusietako bat da.

Horrela erantzuna ematen zaio Euskadiko nekazaritzako elikagaien ehunaren zati baten aspaldiko eskaera bati, izan ere, industriakoak ez diren enpresa askok zailtasun larriak zituzten Europak emanda indarrean dagoen araudi higieniko-sanitarioa betetzeko.

Aurreikusitako esparrua osatu bada ere, inplikatutako Eusko Jaurlaritzako sailek adierazten dute prozesu bizia dela, eta baldintzen aplikazio praktikoak markatzen dituen egokitzapenetara eta agian gehituko diren elikagai sektore berrietara irekita dagoela.