Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bingen Zupiria sailburua Euskaltzaindiaren II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean izan da

2019.eko martxoak 14

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak parte hartu du, gaur goizean, Euskaltzaindiaren II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean. Ekitaldia Bilboko Euskal Museoan, Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen bosgarren jardunaldi akademikoaren baitan antolatu da, eta bertan euskararen aldaerak aztertu dira. Era berean, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak aurkeztu dira Biltzarrean.

“Euskara batuak hezurdura estandar bat eskaintzen du, baina jantzi bat edo bestea hartu lezake, honako itxura hau edo beste hura, eta jantzi edo itxura hori erabiltzaile bakoitzak emandakoa izango da. Bizkaieraren antz handiagoa hartuko du batzuetan, eta nafarrerarena, behenafarrarena, lapurtarrarena edo zubererarena  beste batzuetan. Sarritan, sarriegitan, gipuzkerarena hartu izan duen bide beretik”, adierazi du Zupiriak.

Horrela, sailburuak Euskaltzaindiaren lana “aitortu” nahi izan du. “Euskara batua eta euskalkien arteko zubi hau etengabe egina du Euskaltzaindiak bere sorreratik, baina bereziki azken 50 urteotan. Mendeurrena ospatzen duen honetan, on eta bidezko da bere ekimen jarraitua aitortzea Euskaltzaindiari”.