Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Ikastolen Elkarteko ikasturtearen hasiera ekitaldian parte hartu du Baionan, eta euskera zein eleaniztasunaren garrantzia belaunaldi gazteenentzat nabarmendu du

DSC_0954.JPG

2019.eko irailak 28

  • Ekitaldia Bernat Etxepare Lizeoan izan da, eta han izan da, baita ere, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea.

 

Baiona, 2019/09/28        

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea Baionako Bernat Etxepare Lizeoan izan dira gaur, Ikastolen Elkarteko ikasturtearen hasiera ekitaldian. Ikastetxe horren eraikin berria inauguratzeko eta Seaska Iparraldeko ikastolen federazioaren 50. urteurrena ospatzeko ere baliatu dute hitzordua. Eleaniztasuna belaunaldi gazteenentzat “indargune” bilakatzeak duen garrantzia nabarmendu du sailburuak, bai eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeak duena ere.

Zupiria pozik agertu da Iparraldeko ikastolek azken hamarkadetan bizi izan duten bilakaera positiboagatik: "50 urte igaro dira Iparradeko lehen ikastola sortu zenetik, eta gaur Seaskak 37 ikastetxe eta 4.000 ikasle ditu lurralde honetan. Harrezkeroztik gizartea asko aldatu da, bai Hegoaldean bai Iparraldean".

Halaber, sailburuak gaur egun agertzen diren erronkei buruz hitz egin du, hezkuntzaren ikuspegitik zein euskararen ikuspuntutik: "Egungo aldiak eta gizarteak zailtasun eta erronka berriak dakartza, bai hezkuntzaren ikuspegitik bai hizkuntzaren ikuspuntutik. Hezkuntzaren ikuspegitik, eskatzen du egungo gizarte digital eta bizkor honetan biziko diren pertsonak trebatzea. Aldi berri honek eskatzen du, halaber, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuko duen formakuntza ematea gure gazteei. Eta eskatzen du datorkigun mundu berri eta nahasian burujabe eta arazoei aurre egiteko gai izango diren herritar trebeak formatzea. Bestalde, hizkuntzaren ikuspegitik ere erronka handiak ezartzen dizkigu aldi berri honek. Alde batetik, eskatzen digu gure mundu berrian dagoen hizkuntzen aniztasuna zaintzea eta aniztasun hori gure gazteentzat indargune bihurtzea. Eta, bestetik, eskatzen digu aniztasun horretan euskarak izan behar duen tokia zaintzea eta bermatzea, bai hizkuntza gaitasunaren ikuspegitik bai erabileraren ikuspegitik”.

Hori dela eta, Zupiriaren esanetan, euskarak "ez du kentzen, gehitzen du": "Euskaldunok gaztelaniaz edo frantsesez ere hitz egiten dugu, baita ingelesez ere. Hizkuntza txikiago bat dugu oso hizkuntza handien artean. Eta horrek ez du kentzen, alderantziz, euskara jakiteak gehitu egiten duela. Euskaraz hitz egiteak aberastu egiten gaitu. Zorionekoak gara gu".

Gaurko ekitaldian, besteak beste, Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak, Jean Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, Peio Jorajuria Seaskako presidenteak eta Koldo Tellitu Ikastolen Federazioko presidenteak ere parte hartu dute.

Bernat Etxepare lizeoa 1990. urtean sortu zen, eta 18 urtera arte euskara hutsean ikasteko aukera eskaintzen duen Iparraldeko lizeo bakarra da. Azken urteetan berrikuntza nabarmena izan du, eta gaur amaitu da eraikin berriaren inaugurazioarekin. Berrikuntza horrek bere hezkuntza eskaintzari ere heldu dio, eta lehen aldiz lanbide heziketa ere eskaintzea ahalbidetu du.