Segurtasun Saila

Beroaldiak mende honetako ekaineko tenperatura maximoen 12 errekor utzi ditu EAEn

Argitalpen-data: 

Euskalmeten joan den ekaineko erregistroen arabera

Euskal Meteorologia Agentziak mende honetako ekaineko tenperatura maximoen 12 errekor erregistratu ditu, eta esanguratsuenak Moredako (Arabako) 42,6 °C-ak eta Bizkaiko Arangureneko estazioan (Zalla) erregistratutako 41,1 °C-ak dira.

Euskalmeten arabera, ekainaren bukaerako beroaldia goiz eta gogor iritsi zen EAEra, Afrika iparraldetik iritsitako aire-masa oso beroaren eraginez, eta horrek, garai honetan egunak luzeak izatearekin eta hainbat egunetan hego-haizea gailendu izanarekin batera, tenperatura maximoen errekorrak ekarri ditu.

Horrela, Deustuko estazioan (Bilbo) eta Abetxukokoan (Vitoria-Gasteiz) mende honetako ekaineko tenperatura maximorik altuenak erregistratu ziren, eta errekor horixe bera EAEko beste 9 estaziotan ere ezarri da (ikus, 1. taula).

 TENPERATURA MAXIMO ABSOLUTUAK

Deigarriena da lau estaziotan, Arabako hirutan eta Bizkaiko batean, alegia, tenperatura maximo absolutuak gainditu direla, hau da, mende honetako urteko hilabete guztiak kontuan hartuta (ikus 2. taula).

Horietako batean, Moredan, beroaldi honetako tenperatura maximora iritsi ziren, 42,6 °C

Bero-bolada honetan aipagarriak izan dira erregistratu diren tenperatura minimo altuak ere, bereziki 27an (20 °C-tik gorakoak izan baitziren) eta 29an, kasu honetan gaueko tenperatura minimoa 27,4 °C-koa izan baitzen, eta Oizeko estazioan, 1.000ko altueran, erregistratu zen.

EKAINA OSO BEROA

Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du ekaina beroa edo oso beroa izan dela, eta anomalia positiboa 1 °C-koa izan dela EAE osoan.

Hala eta guztiz ere, deigarria da, aipatutako bero-bolada hori alde batera utzita, ekainean tenperatura minimo baxuena ere erregistratu izana aire-masa oso hotza sartu izanaren ondorioz.

Horrela, barnealdeko hainbat lekutan, zehazki Iturrietako mendietan, ekaineko tenperatura minimoen errekorra ezarri zen, ekainaren 12an izotza egin baitzuen. Horrez gainera, ekaineko lehenengo hamabost egunetan egun askotan izan genituen barnealdean izotz inguruko tenperaturak, eta tenperatura minimoak ohikoak direnak baino baxuagoak izan ziren (ikus, 3 taula).

 

Prezipitazioari dagokionez, Euskalmetek adierazi du ekaina lehorra edo oso lehorra izan dela, eta Arabako Lautada nabarmendu du, ohiko euri-kopuruaren % 25a bakarrik egin duela.