Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Abian dira gastronomiaren eraldaketa digitalerako LABe " Digital Gastronomy Lab izeneko berrikuntza-laborategiaren obrak

LABe3.jpg

2019.eko otsailak 22

Hasi dira gastronomiaren eraldaketa digitalerako LABe – Digital Gastronomy Lab berrikuntza-laborategiaren obrak. Guztira, 1.400 metro koadroko azalera izango du, eta Tabakalerako Prisman egongo da, Donostiako kultura garaikidearen zentroan.

Uda hasieran irekiko da, aurreikuspenen arabera, LABe – Digital Gastronomy Lab, kontzeptu, produktu, zerbitzu eta esperientzia berriak elkarrekin sortu, aztertu, probatu eta baliozkotzeko gune bat, osagai teknologiko eta digitalekin, gastronomiaren eta jatetxeen sektorearekin zuzendutakoa. Basque Culinary Centerrek kudeatuko duen berrikuntza irekiko laborategi bizi hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren lankidetzarekin sustatutako Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan kokatzen da.

Instalazioetara eginiko bisita batean, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak LABe – Digital Gastronomy Laben egoitza izango den espazioaren banaketa azaldu du: "Espazioaren proposamen arkitektonikoa geometria oso argien erabileran oinarrituko da. Bere bi solairuetan instalatuko dira startupak eta industria uztartuko dituen co-workingeko espazio bat; garapen gastronomiko berriak, produktu berriak, zerbitzuak eta esperientziak prototipatzeko ikerketa-laborategi bat; mini-anfiteatro bat; bilera-gelak; sukaldeak; 360º-ko esperimentazio-areto bat, gastronomian murgiltzeko esperientziak eskaintzeko; eta publikoari irekitako jatetxe-espazio bat, startupek konponbide teknologikoak ingurune erreal batean probatu ahal izan ditzaten", adierazi du Aizegak.

Azpiegitura hau Montegui Construcciones, Foraster arquitectos, Boslan eta DOT enpresek diseinatu dute, eta haren xedea da ekarpen aktiboa egitea gastronomiaren balio-katearen etorkizuneko diseinuari, sektorearen trantsizio digitala katalizatuta. LABek ekosistema gastronomikoa osatzen duten eragile guztien gaitasunak indartu nahi ditu: enpresa espezializatuak, ostalaritzaren sektorea, elikagaien eraldaketan eta banaketan diharduten konpainia berritzaileak eta I+B+G-aren esparruko eragileak. Aldi berean, gastronomiaren eraldaketa digitalean espezializatutako laborategia izan nahi du, nazioarteko erreferentzia bat.

Eraldaketa digitalari dagokionez, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak honako hau nabarmendu du: "Gastronomiaren digitalizazioa errealitate bat dagoeneko, teknologia berriak bezeroaren eta establezimendu guztiaren kudeaketaren zerbitzura ipini dira. Eta Gipuzkoak ezin du tren hori galdu". Horretarako Aldundiko arduradunak sektoreko agenteekin aliantzak osatzearen eta esperimentazio aktiboko prozesuak abiaraztearen aldeko apustua egin du, Etorkizuna Eraikizen bi ikur adierazgarri batira horiek. "Xede horrekin jarri da martxan LABe: sektorea egituratzeko, lurraldeari gastronomia digitaleko berrikuntza-laborategi bat eskaintzeko eta, posible bada, jarduera ekonomiko berriak sustatzeko", adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek esan duenez: "Proiektu garrantzitsu honek, LABek, bat egiten du 2017-2020 aldirako Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren bi zutarriekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin, hain zuzen. Plan horrek osasunean, segurtasunean, berezitasunean eta jasangarritasunean jartzen du arreta, ikuspegi berri batekin, Elikaduraren Balio Katearen paradigma delakoa. Horrek barne hartzen du lehen sektoreko ekoizpenetik elikagaien kontsumora bitarteko guztia: eraldaketa, banaketa, merkaturatzea, baita gastronomia ere. Elikadura-kate horrek ekarpen nabarmena egiten dio enpleguaren sorkuntzari, hazkunde ekonomikoari eta ezagutzan eta gure sustraien errespetuan errotutako ekonomia baten garapenari".

Donostiako alkate Eneko Goiaren ustez, LABe "etorkizunera begira hiriak dituen proiektuetako bat da", eta haren xedea da "Donostiak gastronomiaren alorrean munduan duen lidergoari eta erreferentzialtasunari eustea, besterik ez". Horretarako, "beharrezkoa da gastronomiari berrikuntzaren dimentsioa ere atxikitzea". Alkatearen aburuz, ekimen hori «Tabakaleran egitea guztiz zentzuzkoa da. Bertan, Basque Culinary Centerren eskutik, espazio horretan garatzen ari diren beste ekimen batzuekiko loturak bilatu ahal izango dituzte, guztiek aukera izango baitute elkarrekin harremanetan egoteko, elkarren inspirazio-iturri izateko eta, elkarrekintzaren bidez, aberasteko».

Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek esan du LABe iristea oso berri positiboa dela Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarentzat, gastronomia digitaleko berrikuntza-laborategiak "guztiz egiten duelako bat Tabakaleraren ildo estrategikoekin: sorkuntza sustatzea, nazioartekotasuna, berrikuntza eta esperimentazioa garatzea, kulturaren eta sormenaren industriekin egindako lankidetzak eta sareko lana areagotzea. Laburbilduz, kulturaz eta kulturarekin gozatzea".