Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak Bidasoa, Urumea eta Oiartzun ibaietan, Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren Alerta fasea aktibatu du.

Argitalpen-data: 

Datozen orduetan euria egiten jarraituko duela iragarrita dagoelako, eta Bidasoa , Urumea eta Oiartzun ibaien egoera ikusita eta iragarpen meteorologikoa kontuan hartuta , Segurtasun Sailak EAEko Uholdeei Aurre egiteko Larrialdi Plan Berezia alerta fasean aktibatu du.

Alerta-fase horretan larrialdiak gerta daitezkeela aurreikusten da, hau da, larrialdiak oraindik ez dira gertatu baina, inguruabarrak zer-nolakoak diren ikusita, egoerak okerrera eginez gero, gertatu egin daitezke. Kasu honetan, ibaietako ur-maila altua denez eta, iragarpen meteorologikoen arabera, euria egiten jarraituko duenez, aktibatu behar izan da.

Horiek horrela, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta eraginda gerta daitezkeen udalerrietako alkateek osatutako Aholku Batzorde bat aurre-abisu egoeran dago eta, bakarrik larrialdi-fasera igarotzea erabakitzen bada, deitua izateko zain.

Egoerak okerrera eginez gero, Aholku Batzordea elkartuko da, euri ugariek eragin ditzaketen ondorioak arintzeko lanak koordinatzeko asmoz, hartu beharreko neurriak hartzeko.

Era berean, uholdeak gerta litezkeela kontuan hartuta, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuak alertan daude dagoeneko (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzainak, boluntarioen taldeak, etc.).

Halaber, batez ere, URA-Uraren Euskal Agentzia, Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentzia eta Foru Aldundiak ibaietako arro kalteberenen etengabeko jarraipena egiten ari dira.