Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak biharko, astearterako, Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia aktibatu du prezipitazio handiagatik

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du, bihar, ekainaren 5a, asteartea, 00:00etatik 18:00etara izan daitezkeen prezipitazio handiengatik. Herritarrei arreta handia eskatu die mota horretako fenomenoen ezaugarri berezien ondorioz.
Prentsa bulegoa
 
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar ezegonkortasuna areagotuko da eta euri-zaparrada handiak izango dira; ekaitz modukoak izan daitezke, eta isurialde kantauriarreko zenbait lekutan oso handiak eta iraunkorrak. Gipuzkoan eta Bizkaian 30-50 mm inguruko ur-pilaketak izan daitezke 24 ordutan.

Iragarpenak ikusirik, Segurtasun Sailak gomendatzen du ekaitzen ibilbidea eta bilakaera jarraitzea Euskalmeten web-orrian (euskalmet.eus), Twitterreko kontuan (@Euskalmet) edo APPan; izatez, ekaitzen konfigurazioan izan daitekeen edozein aldaketa txikik zaparrada handiagoak edo txikiagoak eragin ditzake; arlo horretan oraindik nolabaiteko ziurgabetasuna dago.

Euskalmeten iritziz, ekainaren 6tik, asteazkenetik, aurrera ezegonkortasuna txikiagoa izango da, nahiz eta astebururako segur aski egoera aldatuko den, eta berriro ekaitz moduko zaparrada handiak etorriko diren.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendatzen du:

Neurri prebentiboak

  • Ez utzi ibilgailua eta ez kanpatu uharren ubideetan, ezta ibaien ertzetan ere, bat-bateko euri-mailen igoerak edo uholde batek ez harrapatzeko.
  • Ibilgailua kendu ur-putzuak sor daitezkeen zonetatik, baita urpean geratzeko arriskua duten garajeetatik ere.
  • Bidaiatu behar baduzu, lehentasunez errepide nagusietatik eta autobideetatik bidaiatu, eta, ikusmen-arazoak badaude, gelditu ibilgailua leku seguru batean.
  • Mendi-txangoak eta aire zabaleko txangoak saihestu.
  • Arrisku egoeretan, ez zeharkatu, ez oinez eta ez ibilgailuz, urpean dauden lurpeko igarobideak.

 Larrialdi kasuan hartu beharreko neurriak

  • Ibaietatik, uharretatik, zubietatik eta urpean gera daitezkeen zonetatik urrundu, baita urpean geratzeko arriskua duten zonetatik ere. Ez zeharkatu urpean dagoen zonarik, ez oinez eta ez autoz, uraren indarrak eraman zaitzake-eta.
  • Era berean, mendi-mazelen eta muinoen behealdetik urrundu, ur-erauntsiak eta harri- eta lur-jauziak gerta baitaitezke eremu horietan.
  • Uholdea etxebizitzaraino iristen bada, lehenbailehen irten sotoetatik eta beheko solairuetatik.
  • Etxebizitzatik irtenez gero, elektrizitatea deskonektatu, eta gasa eta ura itxi.
  • Punturik garaienetara joaten saiatu, urpean gera daitezkeen zonak saihestuz.

 

Larrialdi kasuan, deitu 112 telefonora