Urtea amaitu baino lehen Ertzaintzan 400 plazako promozio berri baten deialdia egingo duela iragarri du Segurtasuneko Sailburuak

2018.eko ekainak 27

Euskadi Irratiko “Boulevard” saioan Segurtasuneko Sailburu Estefanía Beltran de Heredia izan da gaur gonbidatua. Bertan, zuzentzen duen sailari dagozkion aktualitateko gaiak errepasatu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko Sailburuak, itsasartea zeharkatu duten emigranteekin Euskadira iristen ari diren autobusei buruz galdetuta, adierazi du Ertzaintzak bildutako datuen arabera ez direla hainbeste iritsitako emigranteak, baina egia dela azkenaldi honetan handiagoa dela mugimendua. “Alarma piztu duena, nire ustez, autobusen iritsiera antolatua izan da”, zehaztu du. Gainera, azaldu duenez, “irtenbidea eman behar zaion errealitate bat da”, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez politika koordinatuekin, estrategia koordinatuekin erantzun behar zaiola errealitate horri, Europa mailan zein Estatu mailan. “Mugimendu horien guztien informazioa edukitzea eskatzen dugu, egoerari behar bezala aurre egin eta erantzuteko”, azpimarratu du Sailburuak.

Beltrán de Herediak nabarmendu duenez, mugimendu horien atzetik erakunde bat egon ohi da, eta erakunde horiek adingabeak bidaltzen dituzten kasuetan, lagunduta ez daudenak, Foru Aldundiak egiten dira haien kargu. “Ahalegin nabarmena egiten ari dela erakusten ari da Euskadi”, adierazi du Beltran de Herediak, eta azpimarratu duenez “gizarte solidario bat gara eta baliatu egiten gara gai honetan dugun erantzukizunaz eta eskumenaz”.

ERTZAINTZAKO PROMOZIO BERRIA

Ertzainen promozio berriari buruz Sailburuak adierazi duenez, jende gaztea sartzen den bakoitzean “aire freskoa” adierazten du horrek, eta horrela belaunaldien arteko berrikuntza ordenatu bat sortzen dela esan du. Izan ere, gogora ekarri duenez, urrian sartuko da Polizia eta Larrialdien Euskal Akademian 27. promozioa, eta urtea amaitu baino lehen deialdi bat egingo da 400 plazako promozio berri baterako. Gainera, Segurtasun Zerbitzuan emakumeek duten presentzia aipatu du Beltran de Herediak; “gizarte plural batek, berdintasunean oinarrituak, Euskadikoa bezalakoak, gizartearen isla zehatza izango den zerbitzu bat behar du eta, hortaz, emakumeek bertan egon behar dute” gaineratu du.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Bestalde, hartuko diren neurriei buruz galdetuta, festak hurbiltzen ari direnean, emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, jendetzaren kontzentrazio masiboa izaten den guneak azaldu ditu Sailburuak, eta adierazi du bereziki zainduko direla gune horiek. Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, gizartearen sentsibilitate handia nabarmendu du Beltran de Herediak, eta neurri nagusi gisa aipatu ditu jagoletza espezifikoak festa-eremuetan eta 112 zerbitzuaren APPa, sexu-erasorik gertatuz gero zuzenean deitu ahal izateko.