Urkullu Lehendakaria: "Osatek pertsonen eta beren osasunaren zerbitzura jarritako teknologiaren paradigma da"

2018.eko urtarrilak 19

  • Lehendakaria izan da gaur Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko honen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiko buru; sozietate publikoak, denbora honetan, Euskadin 1.400.000 pertsona baino gehiagoren erresonantzia magnetikoaren bidezko diagnostikoa ekarri du
  • Osatekek, gainera, funtsezko zeregina izan du irudi bidezko diagnostikoaren eta euskal gizarte- eta osasun-espazioan aurrez aurrekoa ez den arreta-zerbitzua zabaltzeko oinarrizko tresnak ezartzearen inguruan

 

Osatek pertsonen eta beren osasunaren zerbitzura jarritako teknologiaren paradigma bilakatu da. Hala esan du gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak, Osasun Sailaren mendeko den Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko honen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian esan dituen hitzetan; bertan, Jon Darpón Osasun sailburuak ere parte hartu du.

Urkullu Lehendakariak berak emandako datuen arabera, mende laurden honetan, Osatekek 1.400.000 pertsona baino gehiagoren erresonantzia magnetikoaren bidezko diagnostikorako lagundu du, eta, hori dela eta, Euskadi erreferente bilakatu da irudi bidezko diagnostikoaren eremuan.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du, hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak Osatek tresna berrienez eta goi-mailako teknologiaz hornitzeko apustua egin zuela; horien bidez, eta goi-mailako prestakuntza duten langileen bidez eta Osakidetzarekin eta bertako profesionalekin hertsiki lankidetzan, euskal herritarrei beti eman zaie kalitateko laguntza-arreta

Zehazki, eta pertsona horien guztien lana aitortzeko, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban lehen zentroetan hasi ziren profesional horietako 21 omendu dira Lehendakaria buru izan duen ekitaldian; opari bat banatu die, ibilbide hori omentzeko.

Osatek aitzindaria izan da erresonantzia magnetikoaren aplikazio berriak martxan jartzen, besteak beste, 3D angiografia kontrastatua, kolangiopankreatografia edo garuneko perfusioa.  Hogeita bost urteotan, aurrerapenak txertatzen joan da, gero eta kalitate hobea eta denbora laburragoan eskuratzeko irudiak; horrek diagnostiko hobea izatea dakar, eta, aldi berean, patologiak goizago antzematen dira, gaixotasun neurodegeneratiboak, esaterako, edo tumoreen diagnostiko goiztiarra eta jarraipena zehatzagoa da.

Osatekeko Erresonantzia Magnetikoko erradiologo eta teknikarien maila altua estatu eta nazioarte mailako hainbat sariren bidez aitortu izan da urteotan, besteak beste: Erradiologiako Ikerketarako 2012ko Sari Nazionala, Erresonantzia Magnetiko bidez burdin hepatikoa kuantifikatzeari buruzko lanengatik; horien bidez, proba inbaditzaile bat, biopsia hepatikoa, egiteari utzi zaio.

EMren irudiak eta txosten diagnostikoak Osakidetzaren Historia Kliniko Elektroniko Digitalean sartzen dira; bertan espezialitateetako medikuek eta pazienteek beraiek kontsulta ditzakete, Osakidetzako Atariko Osasun Karpetaren bidez.           

Gaur egun, Osatekek 14 ekipo ditu, 8 lekutan banatuta: 2 Araban (AUO Txagorritxu eta AUO Santiago); 4 Bizkaian (Bilbo, Galdakao, Areeta eta Urduliz) eta 2 Gipuzkoan (Donostia eta Zumarraga). Horrela, EMko 14 makinetatik, 11 ospitale-zentroetan daude, bi anbulatorio-zentroetan eta bat ospitaleko kanpo-kontsultetan. Bi urteko epean, Osatekerako 2018-2021 Plan Estrategiko berriaren testuinguruan, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste 3 ekipo sartzea aurreikusten dute: bi Gipuzkoan eta bat Bizkaian, datozen urteotarako espero den eskariari aurre egiteko zabalkundea osatzeko.

2018. urte honetarako erresonantzia magnetiko bidezko 160.000 miaketa egitea aurreikusten da, alegia, 120.000 paziente ingururi; horiek asteko egun guztietan artatuko dira, astelehenetik igandera, zentro guztietan, goizeko 7etatik gaueko 11etara, etengabe.   

Gaur egun, Osateken jarduera nagusiak, beraz, puntako teknologia-irudiaren bidezko diagnostiko-zerbitzuen kudeaketan, administrazioan eta ustiapenean zentratzen dira, bai eta euskal osasun-politika globalaren esparruko ikerketan eta irakaskuntzan ere.Hala ere, ez dira horiek Osateken lan-eremu bakarrak. Azken urteotan, funtsezko zeregina izan du Euskadin osasun-sistema ez presentzialaren arreta hobetzeko teknologia berriak ezartzen (telelaguntza, telemonitorizazioa, osasun-aholkua, aurretiko hitzordua…), betiere Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek sustatutako gizarte- eta osasun-espazioaren esparruan.

Bideoetarako lotura:

Osatek 25 urteko ibilbidea

Osatek Etorkizuna