Trafiko Zuzendaritzak 9.000 erreminta-kit banatuko dizkie Bilbao-Bilbao martxan parte hartzen dutenei

Argitalpen-data: 

Multiherramienta.jpg

Eusko Jaurlaritzak zikloturista-martxan lagunduko du mugikortasun-ohitura seguruak sustatzeko

Herritarren artean mugikortasun-ohitura seguruak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak igandean, hilaren 11n, egingo den Bilbao-Bilbao zikloturista-martxan lagunduko du aurten ere. Trafiko Zuzendaritzak 9.000 erreminta-kit eman dizkie martxaren antolatzaileei kirol-ekitaldian parte hartzen dutenei banatzeko. Era berean, karpa bat jarriko du helmuga inguruan, Bizkaiko hiriburuko Gran Vían.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak martxari hasiera emateko ekitaldian parte hartuko du, eta zuzendariaren esanetan “Trafiko Zuzendaritzak errepideak erabiltzen dituzten kolektiboekin egiten dituen sentsibilizazio-ekimenen barruan egiten da jarduera hau".

Martxak 30. urteurrena beteko du aurten, Zubiarte merkataritza gunearen ingurutik irtengo da, eta puntu horretan jarritako bideowall batean Trafiko Zuzendaritzak egindako bideo bat proiektatuko da errepideak guztiok partekatzen ditugula eta errespetuz eta zuhurtziaz jokatu behar dugula gogoratzeko.

Informazioa posta elektroniko bidez

Bilbao-Bilbao zikloturista-martxaren antolaketan laguntzeak inplikatzen du nahi duten parte-hartzaile guztiek jasoko dituztela urtean zehar beren helbide elektronikoetan bide-segurtasunari buruzko Trafiko Zuzendaritzaren aholkuak eta mezuak. “Zure aurreikuspena, segurtasun-bermea” lelopean, mezuek hiru gairi helduko diete: taldean zirkulatzea, abiadura eta segurtasun-distantzia, eta ibilbideak aurrez planifikatzea.