Tapiak eta Ábalosek lan egingo dute 2023an euskal Y martxan jartzeko, Atlantikoko korridorearen lehentasunezko gunea osatuz

2018.eko uztailak 19

Bultzada berria adostu dute Euskal Trenbide Sare Berria osatzeko, lehentasunezko Europako sarearen zatia, bai eta euskal hiriburuetarako sarrerak ere

• Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak gaur-gaurkoz gauzatzen ari diren azpiegiturak eta obrak, datozen hiletan lantzeko proiektuak, eta trenbide, autobide eta portuen kudeaketako eskumenen transferentzia errepasatu dituzte; eta baterako lan-egutegi bat hitzartu dute

• Teknikarien taldeek Vitoria-Gasteizko geltoki berria egiteko eta lurperatzeko proiektua azkenduko dute, udazkenean Informazio Azterlana egin dadin, azken hori eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena onartuta egon daitezen 2019rako

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapiak eta Sustapen ministro José Luis Ábalosek lan-bilera egin dute Madrilgo Sustapen Ministerioaren egoitzan, eta Euskadiko trenbide, aire, portu eta errepideen azpiegituren egoera landu dute.


Sustapen ministro berriaren eta sailburuaren arteko lehenengo topaketa izan da. Bilera amaitutakoan, Tapiak hau adierazi du: "topaketa positiboa izan da eta ministroaren jarrera hartzailea Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenak gauzatzean islatuko delakoan nago, 2023an euskal Y martxan jar dadin, Atlantikoko korridorearen maila gakoa osatuz".


Azpimarratu du bi exekutiboek bat egin dutela zera esatean: "Euskal Trenbide Sare Berriak, lehentasunezko Europako sarearen zati dena, eta euskal hiriburuetarako sarbideek apustu irmoa behar dute, eta hori islatu egin behar da bai konpromiso politikoetan bai aurrekontuetan; izan ere, lehentasunezko kokapen geografikoa dugu, iparraldeko sarbide nagusia eta lotura baikara Europarekin".


Sailburuaren arabera, "egutegi zorrotza betetzeko eta euskal Y, trafiko mistoetarako Europako zabalerako sare berria, 2023rako errealitatea izateko gai bagara, Euskal Industriaren lehiakortasunari eta Euskadiren garapen sozioekonomikoari lagunduko diogu" eta, gainera, "Europatik isolatu gaituen mugaz gaindiko trenbide-hesia ezabatu, kamioiez betetako errepideak lasaitu eta euskaldunen bizi-kalitatea hobetuko duten trenbide-zerbitzu lehiakorrak eskainiko ditugu".


Jarraian, bileran landutako alderdiak xehatzen dira:


1.- EUSKAL TRENBIDE-SARE BERRIA

1.1.- Vitoria-Gasteizko geltoki berria, lurperatzea eta sarbideak.

Hainbat bilera egin dira Sustapen Ministerioarekin, ADIFekin, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako Sailarekin, ETSrekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin Vitoria-Gasteizko irtenbidea zehazteko. Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak adostu dute teknikarien taldeek Vitoria-Gasteizko geltoki berria egiteko eta lurperatzeko proiektua azkenduko dutela lehentasun handienarekin, udazkenean Informazio Azterlana egin dadin, azken hori eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena onartuta egon daitezen 2019rako.

1.2.- Bilboko (Abando) geltoki berria, sarbideak eta lurperatzea.

Bilbori dagokionez, hainbat azterlan, analisi eta erakunde arteko bilera egin ondoren, sarbideei, lurperatzeei eta garatu beharreko geltokiari buruzko akordioa lortu zen martxoko Informazio Azterlanean. Soluzioa erabakita badago ere, Informazio Azterlana egiteke geratu zen. Horrenbestez, Informazio Azterlana berehala egitea eta izapidetzea eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egitea adostu zen.

1.3.- Donostiako Abiadura Handiko Geltokia.

ETSk 2018ko martxoan esleitu du Eraikuntza Proiektuaren idatzia, eta hura idazteko 10 hileko epea ezarri da. Helburua da 2019. urtearen erdialdera obrak lizitatu ahal izatea.

1.4.- Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia.

2017ko urrian adostu zen 2015ean izapidetutako Informazio Azterlana bertan behera uztea eta trazatu berria lantzea. Gaur-gaurkoz, Ministerioa, Inecoren bitartez, Informazio Azterlan berria egiten ari da. Adostu da 2019rako informazio-azterlan berria izapidetzea, euskal Y eta Pasaiako Portua eta Lezoko plataforma multimodala lotuko dituena, edo salgaiak Donostiako erdigunetik igarotzea saihestuko duena.

1.5.- Ezkio-Itxasoko geltokia.

ETSk 2018ko martxoan esleitu zuen eraikuntza-proiektuaren idatzia, eta hura idazteko 6 hileko epea ezarri zen. Obraren kostua 4’1 M €-koa izango dela kalkulatu da (BEZa barne).

1.6.- Astigarragako geralekua.

ETSk 2018ko martxoan esleitu zuen eraikuntza-proiektuaren idatzia, eta hura idazteko 12 hileko epea ezarri zen. Obraren kostua 4’70 M €-koa izango dela kalkulatu da (BEZa barne).

1.7.- Bergara-Astigarraga zatietako larrialdi-galeriak (Elkarreragingarritasunerako Zehaztapen Teknikoak).

Bergara eta Astigarraga arteko tunelen larrialdi-galeria berrien eraikuntza-proiektua 2018ko otsailean idatzi eta onartu zuen ADIFek, eta 14’89 M €-ko aurrekontua du (BEZa barne). ADIF eta ETSren artean proiektuei azken gainbegiratua ematen ari dira, obrak lizitatu ahal izateko.

2.- TRENBIDEAREN HEGOALDEKO SAHIESBIDEA

2.1.- Jarraipen, Koordinazio eta Teknika arloko Batzordeak

Estatuko Administrazioak Jarraipen, Koordinazio eta Teknika arloko Batzordeetan bere ordezkariak izendatzea adostu da, Informazio Azterlanaren idatzia baliozkotzeko, hala badagokio. Informazio Azterlanaren idatzia uztailean bertan amaitu beharko litzateke, Ingurumen Inpaktuaren Azterlana 2019ko azken hiruhilekoan onartuta izateko asmoz.

2.2.- Trazatuaren alternatibak

Trazatuaren bi alternatiba garatu dira, 2015eko Informazio Azterlanekoen bestelakoak. Bien arteko aldea Barakaldoko "El Regato" (paisaia naturala) eremua zeharkatzea da, Castaños ibaiaren azpian lurpeko trazatu batekin. Udalak 2015eko Informazio Azterlanari eginiko alegazio bati erantzuten dio eta Udaleko udal-talde guztiek aho batez eginiko eskaerari, baita trazatuak biaduktua paraje horretatik zeharkatzeko gizartearen erantzun handiari ere.

3.- AIREPORTUAK

24 orduko operatiboa ezarriko da Forondako Aireportuan, egungo azpiegitura hobetzeko obrak egingo dira eta eremu frankoaren azterketa. Azken bi jarduera horietarako 3’5 M €-ko partida aurreikusi da 2018ko aurrekontuan.

4.- TRANSFERENTZIAK

4.1.- Trenbide-lineen transferentziak.

Ariz-Basurto eta Irauregi-Lutxana lineen transferentzia gauzatzeke dago, Auzitegi Konstituzionalaren 124/2016 Sententzia betez. 2018ko maiatzaren 23an, Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako estatu-idazkariak Sententzia betearazteko Ebazpena sinatu zuen.

Bilbotik Balmaseda eta Karrantzarako lineen transferentzia eskatu da, EAEren barrutik doazen zatiei dagozkienak, eta zabalera metrikoa dutenak. Dena dela, gaur egun Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Katalogoan jasota daude.

4.2.- Autobideen transferentziak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren barrutik doazen AP-1 eta AP-68 autobideen zatiak eskualdatzeko eskatu da:

AP-1 autobidea (Burgos-Armiñón): 5,740 km-ko zatia Burgos eta Arabaren arteko mugan, 77+300 kilometro-puntuan eta autobidearen amaiera Armiñóngo 7. loturan, 82+1.060 kilometro-puntuan.

AP-68 autobidea (Bilbo-Zaragoza): 77,550 km-ko zatia autobidearen hasieratik Bilbora, 0+000 kilometro-puntuan, eta Gaztela eta Leonen eta Euskadiren arteko muga, 77+550 kilometro-puntuan.

4.3.- Portuen transferentziak.

Pasaiako Portua eskualdatzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari.

5.- EUSKAL Y-REKIN LOTURAK

5.1 - Nafarroa eta euskal Y-ren arteko loturari buruzko Informazio Azterlana.

Jendaurrean jarri zen eta alegazio-epea amaitu da. Ministerioak jakinarazi du udazkenerarteko epea dagoela alegazioak ebazteko eta Informazio Azterlana amaitzeko.

5.2 - Burgos eta Vitoria-Gasteiz arteko loturari buruzko Informazio Azterlana

Jendaurrean jarri zen eta alegazio-epea amaitu da. Ministerioak jakinarazi du udazkenerarteko epea dagoela alegazioak ebazteko eta Informazio Azterlana amaitzeko.

6.- JUNDIZKO PLATAFORMA MULTIMODALA

Hitzarmen bat zehazteko pausoak ematen ari dira. Hitzarmenaren xedea izango da Jundizko Plataformako azterlanak, proiektuak eta obrak garatzea bi arlotan (egungo terminala eta Villodaseko lursail berria) eta Trenbide Autobidearen proiektua garatzea. Halaber, hitzarmenaren helburua Plataforma osoaren kudeaketa- eta garapen-eredua zehaztea izango da. Hitzarmena Sustapen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Sailaren eta ADIFen artean sinatuko da.

7.- LOIOLAKO ERRIBERAKO RENFE-EUSKOTREN TRENBIDE-TRUKTZAILEA

Datorren udazkenean xehetasun guztiak itxi eta hitzarmen bat sinatzea adostu da Donostiako Loiola auzoko Renfe-Euskotren trenbide-trukatzaileari dagokion finantzaketa eta eraikuntza zehazteko. 2018ko aurrekontuen akordioaren ostean Estatuko Administrazio Orokorrak konpromisoa hartu du Azpiegiturak izango duen 27M€ko koste osoaren 9M€ finantzatzea. Beste bi herenak Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak finantzatuko dituzte.

Madril 2018ko uztailaren 19an