Sexu-jazarpena edo sexu-abusua ediditeko prebentzio neurriak kirol erakundeetan

Argitalpen-data: 

Duela aste batzuk, albiste tamalgarri baten berri izan genuen: Donostiako saskibaloi-klub bateko entrenatzaile bat atxilotu zuten, sexu-izaeradun irudiak eskatu zizkielako, mugikorraren bidez, entrenatzen zuen taldeko bi jokalari aurreneraberi. 

Horrelakoak oso gutxitan gertatzen dira entrenatzen dituzten haur eta gazteekin eginkizun hezitzaile, sozial eta, nola ez, kirol-eginkizun bikaina egiten duten milaka entrenatzaileren artean. Ehuneko handi batean, pertsona horiek musu-truk eskaintzen dituzte beren denbora, ahalegina eta ezagutzak, haurrek –dena delako kirol-jardueraren beraren trebetasunetatik harago– errespetua, ahalegina, erantzukizuna eta konpromisoa, adiskidetasuna eta taldeko lana bezalako balioak gara ditzaten kirolaren bidez. 

Edonola ere, duela gutxi gertatu denaren antzeko egoera isolatuak saihesteko eta kirol-jarduerak egiten dituzten adingabeak babesteko xedez, kirol-erakundeek har ditzaketen edo, batzuetan, hartu behar dituzten neurriak daude: 

1.- Sexu-izaeradun deliturik egin ez izanaren ziurtagiria. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen 26/2015 Legeak ezartzen duenez, adingabeekin zerikusia duten delituengatik kondenatu ez dituztela egiaztatu beharko dute adingabeekin lan egiten dutenek. Hala, kirol-erakundeek (kirol-klubek, eskola-zentroek, AMPAk, federazioek, kirol-zerbitzuen enpresek eta abarrek) ziurtatu egin beharko dute beren erakundean adingabeekin jarduerak egiten dituzten pertsonek ziurtagiri hori dutela edo ziurtagiria aurkeztu dutela. Informazio gehiago. 

2.- Teknologia digitalen erabilera arduratsua ezartzea adingabeak dauzkaten kirol-erakundeetan. Kirol-mundua ez dago gizartearen errealitatetik kanpo, eta, gaur egun, kirol-eremuko pertsonek eta taldeek ere gero eta gehiago erabiltzen dituzte tresna digitalak (hala nola, Whatsapp, Instagram, Facebook edo Snapchat); izan ere, besteren artean, entrenatzaileak beren kirolariekin komunikatzea eta koordinatzea errazten dute. Hala ere, berriki ikusi ahal izan dugun bezala, baliabide edo sare sozial horiek arduragabe erabiltzeak arriskuak edo ondorio negatiboak ekar ditzake; are gehiago, tartean adingabeak daudenean. Horren ondorioz, ‘Adingabeekin diharduten kirol-erakundeetan, teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida’ egin zuten iaz eta elkarrekin Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek. Gidan, ereduen bidez, kirol-erakundeek beren egituren barruan teknologia horien erabilera erregulatzeko esparru etikoak ezar ditzatela sustatzen da. Era berean, entrenatzaileentzako orientazio praktikoen dekalogo bat eskaintzen da. Informazio gehiago. 

3.- Prebentziorako jarraibideak eta sexu-jazarpena edo sexu-abusua egon daitekeenean jarduteko jarraibideak ezartzea. Kirol-erakundeek eta horiek eratzen dituzten pertsonek adingabeekin kirolean aritzeko ingurune egoki eta arriskurik gabeak egotea zaindu behar dute, eta, sexu-jazarpena edo sexu-abusua egon ahal izan dela hautematen bada, kaltea gerarazteko, konpontzeko eta zuzentzeko eta haurrengan, nerabeengan eta tartean dauden gainerakoengan kalte handiagoa sortzea saihesteko jarraibide egokiak ezagutu behar dituzte. Goi-mailako Kirol Kontseiluak, UNICEFekin elkarlanean, gaiari buruzko gida-sorta bat garatu du duela gutxi, eta, horien artean, kiroleko profesionalei zuzendutako bat aurki dezakegu. Informazio gehiago. Emakundek eta Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoko Zuzendaritzak gida espezifikoago bat egin zuten 2015ean, kirolean emakumeenganako sexu-jazarpena eta -abusua prebenitzeari bideratutakoa. Bertan, kirol-erakundeek jarduteko protokoloak egiteko jarraibideak ematen dira. 

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek hainbat informazio-saio antolatu zituzten iaz, hiru lurraldeetan, ‘Adingabeekin diharduten kirol-erakundeetan, teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida’ ezagutarazte aldera. Kirol-erakundeetako 150etik gora arduradun eta entrenatzaile joan ziren saio horietara. 

Erakundeek proiektuarekin jarraitu nahi dute, eta, horri begira, beste prestakuntza-saio batzuk egingo dituzte urrian, hiru lurraldeetan. Saio hauen informazio gehiago udaren bueltan zabalduko dugu.