Segurtasuneko sailburuak hitzarmen bat sinatu du AXA Fundazioarekin eta AESLEMErekin ikastetxeetako ikasleei trafiko-istripuen prebentzioan arloko informazioa emateko eta ikasleak gaiaren inguruan sentsibilizatzeko

Argitalpen-data: 

01.JPG

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, AXA Fundazioaren zuzendari Josep Alfonsok eta Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkartearen (AESLEME) zuzendari María del Mar Cogollosek mugikortasun segururako heziketaren inguruko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan.

Hitzarmen honen bidez sendotu egin da Segurtasun Sailak, Trafiko Zuzendaritzaren bidez, AXA Fundazioarekin eta AESLEMErekin duen lankidetza, helburutzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako ikasleei trafiko-istripuen prebentzioaren arloan informazioa ematea eta ikasleak gaiaren inguruan sentsibilizatzea.

Gerta dakizuke/Te puede pasar” programa Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak aurrez aukeratutako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasten ari diren 12 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago.

Hitzaldi-solasaldiek 60-90 minutuko iraupena izango dute, eta medikuek eta trafiko-istripu baten ondorioz bizkarrezur muineko lesio bat duten pertsonek emango dituzte eta ikasleen adinera eta mailara egokituko dira.

Hitzaldi-solasaldi horietan lehen mailako prebentzioko gaiak (arrisku-faktoreak eta prebentzio-neurriak) bigarren mailakoak (istripua gertatzen denean zer egin) eta hirugarren mailakoak (istripuen ondorioak, arrasto fisikoak, psikologikoak eta sozialak) sartuko dira.

Segurtasun Sailak hitzeman du kanpaina Euskadiko ikastetxeetan sustatuko duela, AESLEMErekin batera programatuko duela interesa duten ikastetxeetako hitzaldi-egutegia eta kanpainaren jarraipena egingo duela eta edukia zainduko duela AESLEMEk egindako jarduera-memoriaren bitartez.

2016/2017 ikasturtean, esate baterako, 9.506 ikaslerengana iritsi zen lankidetza-lan hori 192 sentsibilizazio-ekintzaren bitartez.

Bestalde, AESLEME elkarteak hitzeman du, hitzarmen honen bidez, hainbat hezitzaile-talde eratuko dituela (istripuz bizkarrezur muineko lesioak izan dituzten pertsonak eta osasun-langileak) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetarako, hezitzaile horien bidez emango dituela hitzaldi-solasaldiak eta trafiko-istripuen prebentziorako “Don´t be Dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” programaren lau saio egingo dituela.