Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak San Joan suekin kontuz ibiltzeko deia egin du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak San Joan suekin kontuz ibiltzeko deia egin die herritarrei, beharrezko autobabes neurriak hartu, eta suaren ondoriozko balizko istripuak saihesteko.

Lehenengo gomendioa da udal-agintarien jarraibideak betetzea, suetarako prestatutako eremuak eta hartu beharreko prebentzio-neurriak kudeatzeko ardura dagokienez.

Era berean, suok zuhaiztietatik edo baratzeetatik aldenduta piztea gomendatzen du, baita ibilgailu edota etxebizitzetatik 15 m baino gehiagora piztea ere.

Sua asfalto gainean eginez gero, metal lodiko xafla bat ipintzea komeni da, asfaltoa babestu, eta kalte materialik ez eragiteko.

Era berean, zura baizik ez erabiltzea gomendatzen da, beti ere espraiak, plastikoak, pneumatikoak, etab., baztertuta, eta gasolina inoiz ez erabiltzea errekuntza azkartzeko.

Bestalde, Segurtasun Sailak herritarrei aholkatzen die sugarren gainetik jauzi ez egiteko erredurak saihesteko, batez ere alkohola edan eta gero. Jauziok edanda eginez gero, arrisku handiko egoerak eragin ditzakete.

Festa amaitu ostean, sua erabat itzalita dagoen egiaztatu behar da.

Euskalmeten iragarpen meteorologikoen arabera, ekainaren 23ko gauean tenperatura freskoak izango ditugu, 15-20 gradu ingurukoak, eta, orokorrean, haize arina izango da.

Azkenik, gogorarazi nahi du 112 telefonoa beti dagoela prest edozein larrialdiri aurre egiteko.