Segurtasun Sailak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta EUDELek Udaltzaingoaren hautaketa-prozesu bateratuaren bigarren prozesuari buruzko informazioa eman diete udalei

IMG_5949_(002)_EUDEL.jpg

2018.eko martxoak 01

Bilbo, 2018ko martxoaren 1a. Gaur goizean, informazio-saio bat eskaini da udaletako politikari eta teknikarientzat, EUDELek Bilbon duen egoitzan. Bertan, Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako arduradunek aurkezpena egin dute, Udaltzaingoko oinarrizko mailako agenteen sailkapenean sartzeko bigarren hautaketa-prozesu bateratura gehitzeko –euren borondatez– aukerari buruz.

30 udaletako 60 bat pertsona, proiektuan sartutako udal alorretakoak (Alkatetzak, Segurtasuna/Udaltzaingoa, Giza Baliabideak, Idazkaritza, Zerbitzu Juridikoak, etab.), izan dira saioan, eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, Akademiak eta Segurtasun Sailak berak antolatu dute elkarrekin. Deialdi honen xedea izan da udalei informazio zehatza eta zuzena ematea, borondatezko hautaketa-prozesuaren inguruan (abantailak, atxikitzeko moduak eta prozedura, egitura, etab.).

EUDELen Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Mungiako alkate Ager Izagirrek hartu du parte saioan. Euskal Akademiarekin eta Segurtasun Sailarekin batera instituzioen artean izandako lankidetza nabarmendu du, eta bigarren deialdia egitea aukera paregabea dela azpimarratu du “hautaketa-prozesu bateratu hau hobetu eta prozesuaren ibilbidea luzatzeko”, bereziki tamaina ertaineko eta txikiko udalerrientzat. EUDELen ordezkariak azaldu duenez, lehenengo deialditik urtebete igaro ondoren, hautaketa-prozesu bateratua behar bezala gauzatu dela baieztatu daiteke: “prozesu azkar eta eredugarria izan da, berdintasuna, meritua, gaitasuna eta publizitatea ziurtatzeko berme guztiekin; gainera, administrazioen baliabide publikoak optimizatzea eragin du, denborari eta kostuei dagokienez.”

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Segurtasun zuzendari Rodrigo Gartziak, Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloko buru Aitor Letek, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak eta Akademiaren beraren Langileak eta Araubide Juridikoa kudeatzako Arloko buru Josu Gonzálezek hartu dute parte.

Bileran, Arkauteko Akademiako zuzendariak kronograma aurkeztu du, eta udalen lankidetza eskertu du, bai oinarri teknikoak egiteko orduan, bai hautaketa-prozesuak gauzatzeko orduan, bai hautaketa eta trebakuntzarako lan-saioak antolatzeko orduan. “Euren parte-hartzea ezinbestekoa da Udaltzaingoko hautaketa-prozesu bateratu hauek ondo gauzatu daitezen”, adierazi du Arruabarrenak.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur bilera honetara bertaratu diren 30tik gora udalei, eta deialdi honetan 180 plaza eskaini ahal izatea balioetsi nahi dugu”, adierazi du Rodrigo Gartziak.

Ordezkaritza moduko hau osatzeko landutako formula juridikoa “Kudeaketa Agindua” izan da. Modu horretan, udalek, bertako langileak hautatzeko eta deialdia onartu eta argitaratzeko eskumena duten titular bakarrak diren aldetik, agindua emango diote Akademiari, hautaketa-prozesu bateratua egin dezan, aldez aurretik adostutako oinarriekin bat etorriz.

Zentzu horretan, Lan Publikoaren Oinarrizko Estatutuak negoziaziorako eskumena esleitzen die langileen ordezkariei, lan publikoaren eskaintzen irizpide orokorrak zehazteari dagokionez. Hori dela eta, gai horiek erakunde bakoitzean dagokion ordezkaritza sindikalarekin jorratzea gomendatzen da.

Dokumentazioa. Interesa duten udalek prozesua hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu zaie udalei, egindako saioan bertan.

"Kudeaketa Aginduaren hitzarmen-proposamena

"Hautaketa-prozesuaren oinarrien proposamena

"Prozesuaren kronograma.