Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak EuskOOS, AZTI Tecnaliaren aholkularitzarekin Euskalmetek kudeatzen duen Euskadiko ozeanografia operazionaleko erreminta berria, aurkeztu du.

Argitalpen-data: 

Meteorologiaren Mundu Eguna dela eta.

Aurten leloa “Eguraldirako prest, klimari adi” izango duen Meteorologiaren Mundu Eguna dela eta, Segurtasun Sailak EuskOOS aurkeztu du, AZTI Tecnaliaren aholkularitzarekin Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak kudeatzen duen Euskadiko Ozeanografia Operazionaleko erreminta berria, eta kostaldeko itsasoaren arriskuak, itsasoko segurtasuna edo kostaldeko turismoa kudeatzeaz arduratuko da.

Ekitaldiaren buruan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da, eta, besteak beste, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ere parte hartu dute bertan.

EuskOOs euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri Euskalmeten webgunean (http://www.euskalmet.euskadi.eus). Erreminta berri honen helburuak dira EAEko kostaldeko itsasoaren uneko egoeraren deskribapen zehatza ematea, itsasoaren etorkizuneko kondizioen iragarpen jarraituak egitea eta euskal kostaldeko erabiltzaileei produktu ozeano-meteorologikoak ematea.

Azti Tecnaliako merkatu-zuzendari Adolfo Uriartek adierazi duenez, “EuskOOS erremintaren datuak ekonomia urdina deiturikoko sektoreekin eta baliabideen kudeaketa iraunkorrarekin zerikusia duten produktu askotan integratzen dira. Era horretara, baliagarria izango da kostaldeko itsasoko arriskuen arloan iragarpen hobeak egiteko, salbamenduarekin eta itsasoko segurtasunarekin lotutako ekintzak optimizatzeko eta kutsaduraren aurkako borrokan laguntzeko, klima-aldaketari erantzunez itsas energiak balioestea barne dela".

Uriarteren arabera, “EusKOOS erremintak eragin positiboa izango du turismoaren eta aisialdiaren sektorean; izan ere hondartzetan itsaslasterrak bideo-monitorizatzeko sistemak aktibatzeak arriskuko eremuak hobeto seinaleztatzen lagunduko du, eta horrek eragin berezia izango du hainbat jardueraren, besteak beste, hondartzetako bainuen, urpekaritzaren, surfaren, kirol-arrantzaren, aisialdiko belaren, eta abarren segurtasunean”.

Ezohiko negua

Euskalmeteko meteorologiaren arduradun Jose Antonio Arandak amaitu berria den neguari buruzko laburpen bat egin du ekitaldian, eta esan du "ezohiko” negua izan dela 2017ko abendutik 2018ko martxora bitarteko hilabeteetan bata bestearen atzetik izan diren fenomenoen ondorioz.

Arandaren ustez neguaren ezaugarria bata bestearen atzetik fenomeno ugari pilatu izana da, eta, esate baterako, Segurtasun Sailak hilabete horietan 16 egunetan izan du aktibatuta alerta laranja eta 62 egunetan abisu horia, eta, gainera, otsailean egunero aktibatu behar izan ziren abisuak edo alertak.

Euskalmetek emandako datuen arabera, negua ikaragarri hezea izan da (30 urteko segida normalizatuan prezipitazio gehien izan duena), eta gertaerarik adierazgarriena urtarrilaren 11n Muxikan (Bizkaia) izandako uholdeak izan dira, ordubetean 26 litro egin baitzituen metro karratuko.

Honakoak dira kontuan hartzeko moduko beste datu batzuk: urtarrilean Ameraungo estazioan (Gipuzkoa) 428 l/m² jaso ziren; eta otsailean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eskas estazioan 546 l/m².

Bestalde, neguaren beste ezaugarrietako bat itsas-mailan egindako elurra izan da, eta elurterik adierazgarrienak abenduaren 1ekoa eta 2koa, urtarrilaren 6koa, otsailaren 7koa eta bereziki Bizkaiko kostaldean otsailaren 28an hegoaldeko fronte batekin egindako elurte historikoa izan dira.

Baldintza meteorologiko txar horien artean haize-bolada gogorrak eta izotz handiak ere izan ditugu. Berez, abenduaren 10ean Gasteizko estazioan beste efemeride bat izan genuen, 143,2 km/h-ko haize-kolpeak neurtu baitziren. Eta egun horretan bertan Bizkaiko Cerroja eta Orduña estazioetan 174 km/h-ko eta 173 km/h-ko haize kolpeak neurtu ziren, hurrenez hurren.

Izozteei dagokienez, izotzik handiena urtarrilaren 6an neurtu zen Pagoetako estazioan (Gipuzkoa), -13ºC, alegia, eta urtarrilaren 9ean -14ºC Arabako Iturrietako estazioan.

Jose Antonio Arandaren esanetan “negu honen berezitasuna izan da ipar poloa ohi ez bezala berotu izana, eta horren eraginez EAEra iparraldeko egoera ugari iritsi dira, gure ohiko neguetan gailentzen diren hegoaldekoen ordez”.

Uholde historiko batzuen 35. urteurrena

Meteorologiaren Mundu Eguna dela eta, Segurtasun Sailak gogora ekarri nahi izan du datorren abuztuan beteko dela Euskadiren historian izan diren uholderik okerrenen 35. urteurrena. Hori dela eta, 1983an Euskadiko eta Estatuko prentsan hondamendiari buruz argitaratutako material grafiko, artikulu eta erreportaje nagusiak biltzen ari dira.

"Uholde haien eta uholdeek eragindako kalte larri haien ondoren sortu zen, azaldu du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituak, l/m² “Euskalmet; izan ere, garai hartan eskuragarri zeuden iragarpen meteorologikoek ez zieten herritarren beharrei erantzuten”.

Azkenik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak azpimarratu duenez, “Euskadin izandako tragedia naturalik handiena gogoan izatea lagungarria da adin batetik aurrerako pertsonek gertatutakoa gogora ekartzeko, gazteenek zer gertatu zen jakiteko eta larrialdietako zerbitzuok lehentasunezko arreta eskaintzen jarraitzeko baldintza meteorologiko txarren ondorio diren fenomeno horiei, izan dezaketen arriskua dela eta”.