Retortillo: "Gure historia industriala eta bere ondarea berreskuratu behar ditugu Euskadi helmuga bereziaren ezaugarri gisa"

2018.eko otsailak 07

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok parte hartu du gaur Zubi Esekiaren 125. urteurrena ospatzeko ekitaldien aurkezpenean. Retortillok gogorarazi du zubia iraultza industrialaren ikurra dela, gaur egungo Euskadiren hasiera ekarri zuen iraultzarena.

Sailburu sozialistak azaldu duenez, 125 urte bete dira zubi honek “2 herriren (Getxo eta Portugalete) ibaiertzak elkartu zituenetik; nahiz eta oraindik islatzen zituen itsasadar batek eta, batez ere, desberdintasun sozialak banandutako 2 mundu” esanez jarraitu du. 

Sailburuaren hitzetan, Euskadi berria, neurri handi batean, Zubi Esekiarekin batera sortu zen. Izan ere, iraultza industrialak berekin ekarri du gure hirien garapena, eta aurrerabidearen eta aberastasunaren sinonimo izan da hori. “Horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik, zubi honen 125. urteurrena baliatuko dugu gure historia industriala eta bere ondarea berreskuratzeko, Euskadi helmuga bereziaren ezaugarri gisa”.

Retortillok azaldu du zenbait eskualderekin —adibidez, Silesia Beherearekin edo Merseyside-rekin— partekatzen dugula iraultza industrialaren abialdia, eta orain turismo industrialaren aldeko apustua ere partekatu nahi dugula. Turismo horrek “bisitatzen gaituzten bidaiarientzat bestelako pizgarriak eskaintzeaz gainera, baliagarria izan behar du, baita ere, gure historiaren funtsezko zati bat aldarrikatzeko, azkarregi atzean geratu baita”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako ekimen honekin, hasiera ematen zaio Zubi Esekiaren 125. urteurrenaren urteari, argi-pizte sinboliko baten bidez. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Portu Agintaritzaren transbordadorearenarduradunek; Portugaleteko alkate Mikel Torresek; Getxoko alkate Imanol Landak; eta Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru-diputatuImanol Pradalesek.