Prentsaurrekoa "Demokrazia paritarioa Euskadin, 2001-2016" argitalpena eta "Interesatzen al zaio sexua demokraziari?" UPV/EHUren udako ikastaroa aurkezteko

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak ‘Demokrazia eta sexua bateragarri?’ UPV/EHUko udako ikastaroa aurkeztu du

Astelehen honetan, Segurtasun Sailak, Arantza Campos EHU/UPVko doktorearekin elkarlanean, “Demokrazia paritarioa Euskadin, 2001-2016” azterketaren argitalpena aurkeztu du Euskadiko Artxibo Historikoan. Azterketa horretan jaso da Euskal Autonomia Erkidegoan 2001etik 2016ra bitartean egin diren Eusko Legebiltzarrerako, Batzar Nagusietarako eta udaletarako hauteskundeen analisia, kontuan izanik emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legea eta  3/2007 Lege Organikoa. Ekitaldi berean aurkeztu da, ‘Demokrazia eta sexua bateragarri?’ UPV/EHUko udako ikastaroa.

Hauteskunde-zerrendak, hautagaiak, hautetsiak, karguetan izaten den iraunkortasuna, ordezkapenak eta gobernu-organoen osaera gisako adierazleak erabiltzen dira jakiteko erakundeek demokrazia paritarioaren aldeko politikak garatzen ari diren edo legeak utzitako zirrikituren bat baliatzen ari diren politika hori ez garatzeko. Adierazle horiek aplikatu zaizkie alderdi politikoei, haien estatutuak eta haien hauteskunde-kudeaketako zenbait datu aztertuta.

Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak adierazi duenez, azterketa horretan jarraitutako metodologiak “aukera ematen du ebaluatzeko indarrean dagoen hauteskunde-legeria zer neurritan den baliagarria demokrazia paritarioa lortzeko, hau da, erabaki politikoko organoetan emakumeen eta gizonen presentzia paritarioa lortzeko”.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko legeek erantzun behar diote legegintza-ganberetan eta gobernu-organoetan beharrezkoa den emakumeen presentzia paritarioari. Azterketaren egile Arantza Camposek azaldu duen moduan, “emakumeek hauteskunde-zerrendetan duten presentzia kontuan izanik, bi arau horiek parekotasun kontzeptuaren oso adierazpen desberdina dira: euskal legeak parekotasun mugatuaren bitartez bideratzen du, sexu bakoitzeko % 50 eskatzen baitu 6 pertsonako tarte bakoitzeko, eta ez baitu gizonezkoa/emakumezkoa alternantzia eskatzen; hortaz, hautetsia izateko, funtsezkoa izango da tarte bakoitzean emakumeek eta gizonek betetzen duten posizioa.Estatuko legeak, berriz, irismen txikiagoko parekotasun-ideia adierazten du, presentzia orekatuaren printzipioaren bitartez; 5 pertsonako tarteetan sexu bakoitzeko % 60 gehienez eta % 40 gutxienez. Arau horretan, beraz, hautetsia izateko, are garrantzizkoagoa izango da zerrendan betetzen den posizioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legea

Zuzendariaren iritziz, “emaitzek agerian uzten dute Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legeak arlo horretan ekarri duen aurrerapena. Horrela erakusten dute Eusko Legebiltzarrerako edo Batzar Nagusietarako hautatutako emakumeen ehunekoek —% 50etik gora dira emakumeak, Kongresurako eta Senaturako hautatutako emakumeak % 38 direnean—.Euskadin legeria aurreratua dugu inguruko beste herrialde batzuekin alderatuta; izatez, Europako parlamentu nazionaletan emakumeen batez besteko presentzia % 26,5ekoa da.”

Arantza Campos UPV/EHUko doktorearen ondorioen artean nabarmentzen denez, “euskal legea eraginkorragoa da emakumezko hautagaien presentziaren ehunekoari dagokionez. Aitzitik, udal-hauteskundeetan, Estatuko legearen aplikazioarekin, emakumezkoen % 46ko presentzia lortu da (legeak % 60ra arteko presentzia ahalbidetzen du). Estatuko legeriako presentzia orekatuaren printzipioak % 40ko muga-kuota ezartzen du emakumeentzat, eta horrek isla du euskal udaletan gertatzen den osaera batere ez paritarioan.”

Era berean, “deigarria da hauteskunde-kudeaketan parte hartzen duten emakumezko ahaldunen, artekarien eta administratzaileen ehuneko txikia.” Ildo horretan, nabarmendu du gobernu-organoak ere bilakaera positiboa izaten ari direla, baina bi arauetako bakar batek ere ez duela kristalezko sabaia apurtzea lortzen: ez da inoiz emakumezko lehendakari bat izan, ezta emakumezko ahaldun nagusi bat ere. Arantza Camposek aditzera eman duenez, “datu gehiago eduki beharko genuke jakiteko alderdi politikoek zer irizpide edo prozedura jarraitzen duten hautagaien zerrendak egiteko. Era berean, analizatzeke daude, ordezkaritza-organoetan emakumeen presentzia handiagoaren ondorioz, berdintasuneko politika publikoetan izan diren aldaketak.”

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak adierazi duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legea, itxuraz, Lege Organikoa baino eraginkorragoa da, nahiz eta bietako bakar batek ez duen parekotasuna lortzen hautetsien artean, eta ez diren baliagarriak gobernu-organoetan emakumeen presentzia hobetzeko, hala nola alkatetzetan —emakumezko alkateen presentzia oso txikia da—.”Zuzendariak erantsi du “azterketak erakusten du zerrenda paritarioak eskatzea lagungarria dela, baina ez duela halabeharrez ordezkaritza-organoetan benetako parekotasuna ekartzen.”Eta, ondorioztatu duenez, “hauteskunde-sistemaren elementuetan eragina duen edozein hauteskunde-erreforma sustatzen dutenek —hala nola ordezkaritza-sistema edo izen bakarreko hautagaitzak edo zerrenda irekiak—, aldaketa horiek generoaren ikuspegitik izan ditzaketen ondorioak aztertu beharko lituzkete”.

Prentsaurrekoan, bestalde, aurkeztu da Segurtasun Sailak, Arantza Campos doktorearekin elkarlanean, UPV/EHUko udako ikastaroetarako antolatutako “Demokrazia eta sexua bateragarri?” izenburu iradokitzaileko ikastaroa. Ikastaroaren bidez emakumeari, subjektu politiko gisa, buruzko gogoeta sustatu nahi da, baita emakumearen parte-hartze soziopolitikoari buruzko gogoeta ere. Horrez gain, ikastaroan, demokraziaren itun politiko berria eraikitzeko proposamenak egin nahi dira. Ikastaroa ekainaren 20an eta 21ean egingo da Donostiako Miramar Jauregian, eta bertan arlo horretako adituak izango dira, hala nola Rosa Cobo A Coruñako Unibertsitateko irakaslea eta Asun Ventura zuzenbideko doktorea eta Valentziako Erkidegoko Kontseilu Juridikoko aholkularia. Ikastaroaren barruan, feminismoan funtsezkoa den Celia Amorós pentsalari bikainak emakumeei eta botereari buruzko hitzaldi irekia emango du.