Paisaia-zehaztapenak gaineratzeko aldatutako hiru lurralde-plan partzial onartu dira (Gobernu Bilera 2018-09-18)

fotoconsejo.jpg

2018.eko irailak 18

Gobernu Kontseiluak paisaien inguruko zehaztapen espezifikoak gaineratzeko hiru lurralde-plan partzial aldatzen dituzten dekretuak onartu ditu gaur. Balmaseda-Zalla (Enkarterri), Guardia (Arabako Errioxa) eta Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) LPPak izan dira paisaien egoera aztertzeko eta, era horretan, behar bezala antolatu, babestu eta kudeatzeko zereginari ekin dioten hiru lehen planak.

Paisaiari begiratzeko eta paisaia ulertzeko modua aldatu egin da 2000. urteaz geroztik. Urte horretan, Europako Kontseiluak Paisaiaren Europako Hitzarmena formulatu zuen Florentzian. Eusko Jaurlaritzak 2009. urtean erabaki zuen hitzarmen horri atxikitzea, eta Euskadiko paisaien errekonozimendu juridikoa 90/2014 Dekretuaren bitartez lortu zen. Dekretu horretan, tresna espezifikoak daude ezarrita.

Aldatutako hiru planetan, paisaia ikuspuntu integral batetik baloratu nahi izan da, paisaia naturalak, kulturalak, landa-izaerakoak eta hiri-izaerakoak (kalitate handikoak zein degradatuak) kontuan hartuta. Hori dela eta, aurreikusitako neurriak eta ekintzak askotarikoak eta bereziak dira.

Arabako Errioxan, honako hau proposatzen da nagusiki: mendilerroaren, mahastien eta landagune, elementu arkeologiko eta arkitektura tradizionalaren irudiaren paisaia-ezaugarriak eta identitate-balioak kontuan hartzea.

Enkarterriari dagokionez, berriz, abeltzaintza- eta baso-izaerako lurralde menditsu horretan honako helburu hau dute, funtsean, paisaiaren zehaztapenek: multzo geomorfologikoak kontserbatzea; paisaia atlantikoa babestea eta pinuen kopuru handiegia saihestea; ibai-ibilbideak konexio-bide eta aisia-bide gisa sustatzea; hiri-continuumak saihestea eta biztanlegune bakoitza argi eta garbi zehaztea; eraikin berriak leku bakoitzeko arkitektura tradizionalean integratzea; eta, besteak beste, dorretxeei, meatze-instalazioei eta indianoen etxeei balioa ematea.

Urola-Kosta, berriz, itsasoaren eta mendiaren arteko eta itsasertzeko turismoaren eta barnealdeko industriaren arteko dualtasun handia agertzen duen eta gero eta nekazaritza-eremu txikiagoak dituen ingurua da, eta hiri-garapen berrien eta espazio publikoen sarearen integrazioa hobetzea, industrialdeen irudia hobetzea eta balio naturalei eta landa-asentamenduei eustea proposatzen da bertan.