Nekazaritza sektoreko enpresek aholkularitza jasoko dute Emakume Nekazarien Estatutua abian jartzeko

Jornada_Igualdad_general.JPG

2018.eko abenduak 19

Emakundek antolatutako Berdintasunerako XV. Foroaren barruan, gaur “Nola bultzatu emakumeen parte hartzea Nekazaritza Sektoreko erakundeetan?” izeneko jardunaldia egin da Arkautiko Zalditegietan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetzaren erakunde hauek antolatuta:  NEIKER-Tecnalia, ELIKA Fundazioa eta HAZI Fundazioa.

Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapenerako eta Europako Politiketako zuzendari Irma Basterrak inauguratu du jardunaldia,  zeina gida bat izan baita lehen sektoreko enpresentzat 2015eko urrian indarrean sartu zen Emakume Nekazarien Estatutua abian jartzeko.

Estatutu honen bitartez asmoa da emakumeek nekazaritzaren sektorean historikoki bizi izan dituzten desberdintasunei aurre egitea eta emakumeak eta gizonak, modu orekatuan, masa sozialean presente egotea eta erabaki organoetako parte izatea bermatzea. Parte hartze hori errazteko, euskal administrazioak honako bi datak azpimarratu ditu: bata, 2019ko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango nekazaritza alorrean ari diren  erakunde profesionalei, enpresa erakundeei, sindikatuei edo bestelakoei zuzendaritza organoetan emakumerik ez badute; eta, bestea, 2021eko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango emakumeen presentzia zuzendaritza organoetan gutxienez orekatua ez bada.

Irma Basterra zuzendariak, jakitun izanik erakunde batzuek zailtasunak edukiko dituztela Estatutuak dioenera egokitzeko, bere interbentzioan azpimarratu du gaurkoaren moduko jardunaldiekin “gainditu beharko ditugun zailtasunak identifikatu eta partekatuko ditugula zuekin guztiekin. Ez dago atzera bueltarik, eta aurrerantzean egingo dugun bidea elkarrekin egin beharko dugu, emakumeek eta gizonek batera."

Gainera, Basterrak lehen sektoreko emakume guztiei gonbita egiten die nekazaritza elkarte eta sindikatuetan parte har dezaten. “Zuen lankidetza zinez garrantzitsua da, eta ahaleginak merezi izango du. Izan ere, guztion artean lortuko ditugun fruituak izango dira gure sektorearen etorkizuna irudikatuko dutenak: etorkizun oparoa, plurala, gizonen eta emakumeen artean eraikia”, esan du.