Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

NEIKER-Tecnaliak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak Dunaliella algaren ekoizpena sustatuko dute, naturan betakaroteno iturririk aberatsena izanik

Dunaliella.jpg

2018.eko maiatzak 10

Mikroalga hori ekoizteko kultibo esperimentaleko sistema bat ezarriko dute Añanako gatzagetan, bere hazkunderako gatz kontzentrazio oso handiak behar baititu.

Betakarotenoak jarduera antioxidatzaile handia dauka eta funtsezkoa da osasunerako.

Egitasmoa NEIKER-Tecnaliak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak sinatutako lankidetza hitzarmen baten esparruan gauzatuko da.

NEIKER-Tecnaliak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak Dunaliella alga ekoizteko kultibo esperimental bat jarri dute martxan Arabako gatz ekosistema horretan, zeina duela gutxi Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsu moduan aitortu duen.

Dunaliella kokagune horretan modu naturalean bizi den mikroalga bat da, eta bere ezaugarria da naturan dagoen betakaroteno iturririk aberatsena dela. Betakarotenoa eragin ekonomiko handiko molekula bat da, koloratzaile natural, osagai funtzional eta antioxidatzaile moduan erabiltzen baita osasunaren, elikaduraren eta kosmetika naturalaren sektoreetan. Aipatu sektoreetan, jatorri naturaleko betakarotenoaren eskaria etengabe hazi da azken 30 urteetan.

Laranja koloreko pigmentu bat da, jarduera antioxidatzaile handikoa, eta osasunerako funtsezko konposatu moduan jarduten du, A pro-bitaminaren jardueragatik. Betakarotenoa eskaintzen duten iturri naturalak fruta eta barazkiak dira, batez ere azenarioa. Aitzitik, Dunaliella algaren betakarotenoaren edukia aipatu iturri naturalek eskaintzen dutena baino 1.000 aldiz handiagoa da.

Mikroalga hori eskala komertzialean ekoizten da, munduko hainbat gunetan, B-karotenoa lortzeko. Bere hazkuntza oso lotuta dago gatz ekosistemetara, izan ere, hazteko, gatz kontzentrazio oso handiak eta eguzkiaren intzidentzia altua behar ditu. Horrenbestez, Añanako Gatzagetan Dunaliellaren hazkuntza guztiz bateragarria da gatzaren ekoizpenarekin eta Haranaren berezko nortasunarekin.

Añanako Gatz Harana ondare historikoa, kulturala eta ingurumenekoa modu integralean lehengoratu nahi duen Fundazioak gidatutako proiektu berezi baten zati da. Aipatu programaren baitan lortu diren mugarri nagusietako bat gatzaren artisau ekoizpena berreskuratzea izan da. Produktu preziatu horren komertzializazioak harana finantzatzen laguntzen du gaur egun.

Añanako Gatz Harana Fundazioaren helburua da gatzaren produkzioa beste jarduera alternatibo, berritzaile eta iraunkor batzuekin osatzea, kokagunearen balioa hobetzeko eta epe luzera bizirauten laguntzeko. Egitasmo horien oinarrian, tartean DUÑANA Proiektua dagoelarik, I+Gko jarduerak garatzea dago, tokiko biodibertsitatea modu jasangarrian ustiatzeko eta produktu berriak garatzeko, osasunari, kosmetikari eta ongizateari begira.

Egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko erakunde publiko NEIKER-Tecnaliak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak 2016an sinatutako lankidetza hitzarmen baten esparruan garatuko da. Aliantza horren helburuak dira ondarea eta ingurumena lehengoratzeari lotutako ikerketa proiektuak garatzea, produktu berriak garatzea eta merkatu berriak bilatzea Añanako Gatz Haranarentzat.

Ildo horretan, DUÑANA Proiektuak gatza produzitzen ari ez diren espazioak eta inguruak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatu nahi ditu Gatz Haranaren erabilera eta balioa dibertsifikatzeko. Kontuan hartuta Dunaliellaren hazkuntzaren ezaugarriak eta betekizunak bateragarriak direla gatzaren gaur egungo jarduerarekin, ingurune horretan alga ere ekoizteak baliabide ekonomiko berria ekarriko lioke eskualdeari.