Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

NEIKER-Tecnalia metodo biologikoak garatzen ari da lur kutsatuak lehengoratzeko

Recuperacion_de_suelos.JPG

2018.eko urriak 08

Metodologia berritzaile bat da, landare eta mikroorganismoetan oinarritua, metal astunak eta kutsatzaile organikoak nahastuta dituzten lurrak lehengoratzeko.

Lurra bizitzarako ezinbesteko funtzioak egiten dituen baliabide natural bat da, horien artean elikagaiak eta zuntza ekoiztea, nutrienteak birziklatzea, ura araztea edo karbonoa bahitzea. Ingurumena errespetatu ez duen garapen ekonomikoaren ondorioz, lur asko kutsatuta daude gaur egun, konposatu organikoekin eta inorganikoekin –kutsadura mistoa–, eta horrek zaildu egiten du arazoaren ingurumen diagnostikoa egitea eta, batez ere, lurra berroneratzea.

Kutsatutako lurrak deskutsatzeko gaur egun dauden teknologietako asko teknika fisiko-kimikoetan oinarrituta daude, eta kostu ekonomiko handia dute. Zorionez, azken hamarkadetan mikroorganismoak eta landareak erabiltzen dituzten teknologia biologikoak agertu dira. Landareek metal astunak ateratzeko gaitasuna dute, eta bakterio komunitate batekin elkartu daitezke, eta multzo hori gai da, halaber, kutsatzaile organikoak degradatzeko; landareen eta bakterioen konbinazioak potentzial handia dauka, kostu txikiko teknologia biologiko moduan, kutsadura mistoaren ondorioz degradatutako lurrak lehengoratzeko, eta ingurumena errespetatzen du.

NEIKER-Tecnalia, Euskal Herriko Unibertsitate-Universidad del País Vascorekin lankidetzan, lur kutsatuak biologikoki lehengoratzeko metodologia berritzaile bat garatzen ari da, aldi berean erabiliz landareak –gehienbat Brassicaceae familiakoak, metal astunak ateratzeko ahalmenarekin– eta kutsatzaile organikoak degradatzeko mikroorganismoak. Teknologiaren helburua da aldi berean konposatu organikoekin eta metal astunekin kutsatuta dauden lurzoruak lehengoratzea, horretarako tratamendu biologikoak erabiliz in situ.

Brassicaceae familiako landareak aukeratzeko arrazoiak izan dira garrantzi agronomiko eta ekonomiko ezaguna dutela, frogatuta dagoela metal astunekin kutsatutako lurzoruak lehengoratzeko gaitasuna dutela, biomasa produkzio tasa handia dutela eta, azkenik, ingurune degradatuetan bioerregaiak ekoizteko erabil daitezkeela.

Landareez gain, lur kutsatuan konposatu kimikoak eta produktu organikoak aplikatzen dira (purinak, simaur freskoa eta konpostatua, etab.), degradazioa bultzatzeko. Halaber, bakterio degradatzaileei laguntzen dieten beste elementu batzuk ere erabiltzen dira, desagerrarazten zailenak diren kutsatzaileetara iristeko.

Teknika biologiko horiek lagungarriak dira lurrek beren osasuna eta ekosistemen zerbitzuak emateko ahalmena berreskuratzeko, hala nola nutrienteen birziklapena, materia organikoaren deskonposizioa, karbonoaren bahiketa, uraren arazketa, etab. Ildo horretan, lurzoruko mikroorganismoen ugaritasuna, aktibitatea eta biodibertsitatea erakusten duten parametro mikrobianoek potentzial handia dute lurzoruaren osasuna lehengoratzearen adierazle biologiko moduan.

Proiektua Eusko Jaurlaritzaren 2020 Lurra Babesteko Estrategiaren barruan kokatzen da, eta bere xedea da lurraren baliabidea modu efizienteagoan erabiltzea eta “lurzoruaren degradazio garbia zero izatea”, Nazio Batuen Desertifikazioaren aurkako Borrokaren Konbentzioak planteatzen duen bezala, Rio+20ko helmugen barruan.