Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Hizkuntzen Eurokarta betetzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du Iruñean izandako bileran

Irunea_bilera.jpg

2018.eko abenduak 11

  • Nafarroako Jauregian bildu dira gutun horren jarraipenerako Europako Kontseiluko Adituen Batzordeko kideak

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/12/11            

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak parte hartu du Nafarroako Jauregian egin den Hizkuntzen Eurokartaren jarraipenerako Europako Kontseiluko Adituen Batzordearen gaurko bileran. Sailburuordeak nabarmendu du euskal erakundeek egiten duten lana Eurokartan jasotako konpromiso guzti-guztiak betetzeko, eta Estatuko Administrazioaren konpromisoa eskatu du; izan ere, Europako Batzordearen azken txostenean jasotako gomendio ia guztiak Administrazio horri zuzenduta daude. Dobaranek, halere, azaldu du Eusko Jaurlaritzak azken bi urtean egin duen lana hobetu beharrekoak hobetzeko.

Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak 2016ko txostenean adierazi zuenez, Hizkuntzen Eurokartaren (Eskualdetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Gutuna) betetze-maila Estatuan altua da autonomia erkidegoen lanari esker, gehienetan talka egiten duena Estatuaren utzikeriarekin. Horrela, txosten horretan jasotako sei gomendio nagusietatik bostetan Eusko Jaurlaritzak ez dauka eragiteko aukerarik, Estatuko Administrazioaren eskumenen menpe baitaude. Gomendioetako bati dagokionez, ordea, Eusko Jaurlaritzak eragiteko aukerarik badu, “justizia, polizia eta osasun zerbitzuen inguruko” oharrak aipatzen baitira. Horren aurrean, Miren Dobaranek azken bi urteotan egindako ahaleginak azaldu ditu jarraipen bileran.

Dobaran sailburuordearekin batera izan dira, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria eta  Jokin Azkue HABEko zuzendaria. Osakidetzako eta Lana eta Justizia Saileko kideak ere izan dira bileran. Horrez gain, Adituen Batzordearen izenean Fernando Rammalo (Espainia), Dieter Halwachs (Austria),  René DE Groot (Herbehereak) eta Csaba Pákozdi (Eurokartaren idazkaria) izan dira. Nafarroako Gobernutik, Euskarabideko ordezkariez gain, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izan da bileraren hasieran.

Ertzaintza

Adituen Batzordearen azken txostenean ageri zen gaietako bat euskararen ezagutza Ertzaintzan izanik, Miren Dobaran sailburuordeak azaldu du 8.000 lanpostutatik % 43an (3.513) eskatzen dela, derrigorrez, B2 edo C1 maila egiaztatzea (gehienetan B2 maila). Adierazi duenez, ertzain guztien % 46,6k egiaztatu du bi hizkuntza-eskakizunetako bat. Bestalde, sailburuordeak esan du “garrantzitsua” dela  Segurtasun Sailak 2015ean martxan jarri duen Erabilera Plana. “Plan horrek aukera emango du euskarak aurrera egin dezan herritarrentzako zerbitzu-hizkuntza gisa eta baita polizia-etxeetako lan-hizkuntza gisa ere”, esan du.

Azkenik, Dobaranek adierazi du promozio berrietara aurkezten diren hautagai gehienak euskaraz hitz egiteko gai direla eta horrek aldaketa bat ekarriko duela. Egoera horren aurrean, Ertzaintzaren Akademiak abian jarri du proiektu bat, arian-arian, euskara komunikazio hizkuntza izan dadin, Ertzainak Prestatzeko Oinarrizko Ikastaroan (orain arte prestakuntza guztia gaztelaniaz eman izan da).

Osakidetza

Osakidetzari dagokionez, Xabier Balerdi zerbitzu honen Giza Baliabideetako zuzendariordeak azaldu duenez, 2013-2019 epealdirako Osakidetzaren bigarren Euskara Plana egongo da indarrean. Betetze-mailaren inguruko ebaluazio jarraituaren arabera, 2016. urtean Plan horretan ezarrita zeuden helburuen % 76 beteta bazeuden, aurreko urtean baino % 6,81 gehiago. Bestalde, azaldu dutenez, Osakidetzako lanpostu guztien % 37an egiaztatu behar da, derrigorrez, hizkuntza-eskakizunen bat (gehien-gehienetan B2a). Kasu batzuetan langileek oraindik ez dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatu eta, horrelakoetan, lehentasuna daukate euskalduntze prozesuetan parte hartzeko. Urtero 2.500 langile inguruk parte hartzen dute euskara ikasteko prozesuetan. Azkenik, Balerdik azaldu duenez, Osakidetzako langileen % 34k egiaztatuta daukate dagokien hizkuntza-eskakizuna (2006an % 11 baino ez ziren).

Estatuaren administrazioa

Dobaran sailburuordeak azaldu duenez, Adituen Batzordeak egin ohi duen gomendio gehienak Estatuko Administrazioari zuzenduta daude, “gure erkidegoan ematen dituen zerbitzuei eta justizia administrazioari lotuta”. “Joan den astelehenean, abenduaren 3an, Estatuko Hizkuntzen Kontseilua Bilbon batzartu zen eta bertan parte hartzeko aukera izan nuen. Ministroari berari esan genion bezalaxe, administrazioaren betebeharra da herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzea eta, gainera, hizkuntz hautua errespetatzeak zerbitzuaren kalitatea hobetzea dakar”, adierazi du. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Lana eta Justizia Saileko ordezkariak ere izan dira bileran eta dituen eskumenen arabera justiziaren arloan emandako pausoak azaldu dituzte

Amaitzeko, Dobaran sailburuordeak azaldu du euskararen erabileran “jauzi kualitatiboa” emateko Eusko Jaurlaritzaren zenbait lan-ildo:

  • Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako Hiruko Itunari lotutako ekimenak.
  • Eremu Sozioekonomikorako Plan Estrategikoa.
  • ‘Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz’ ekimena.
  • Euskarazko hedabideen finantziaziorako proposamena.