Lurzorua ekonomia zirkularraren zutabe moduan, NEIKER-Tecnaliak antolatutako Lurzoruaren Zientzien VIII. Biltzar Iberikoan eztabaidagai

Congreso_CICS2018_1.jpg

2018.eko ekainak 20

Donostiak Lurzoruaren Zientzien VIII. Biltzar Iberikoa (CICS 2018) hartuko du ekainaren 20tik 22ra bitartean. Hiru egunetan zehar, lurzorua babesteko marko legal baten beharra jarriko da agerian, ezagutzan eta praktika onetan oinarrituta.

Lurzoruaren Zientzien VIII. Biltzar Iberikoak (CICS 2018) lurzorua babesteko marko legal bat izateko beharra landuko du hiru egunetan zehar, Donostian, ezagutzan eta praktika onetan oinarrituta.

“Lurzorua, bioekonomiarako baliabide iraunkorra” izenburupean, kongresuan parte hartzen duten adituek lurzoruen erabilera jasangarria aztertuko dute, daukan eginkizun hidrologikoa, klima aldaketara egokitzeko eta hori arintzeko jokatzen duen rola, lurzoruak babestea eta lehengoratzea, lurzoruak eta gizartea, zerbitzu ekosistemikoak, lurzoruen genesia eta sailkapena, eta zientziak lurzoruari egin diezaiokeen ekarpena, ingurumen politikak sortuz eta garapen iraunkorra bultzatuz.

Bioekonomiaren definizioa da biomasaren ekoizpen jasangarria, hainbat sektore ekonomiko eta sozialetan bere erabilera areagotzeko. Helburua klima aldaketaren ondorioak murriztea da, eta lehengai fosilen erabilera murriztea. Horrenbestez, biomasaren balioa optimizatu nahi da, zerbitzu ekosistemikoei egiten dien ekarpenagatik, bai ekonomiari dagokionez, bai gizarteari eta ekosistemei dagokienez.

CICS 2018an azpimarratuko da lurzorua dela karbono gutxiko eta jatorri fosileko produkturik gabeko ekonomia zirkular baten oinarrizko zutabea. Lurzoruaren Zientzien VIII. Biltzar Iberikoan lurzoruaren baliabidearen gaineko ezagutza landuko da, hainbat ikuspegi zientifikotatik abiatuta, ideiak eta emaitzak kontrastatuz, hipotesiak eta ondorioak elkartrukatuz eta gaiari buruzko ezagutza sakonduz, bioekonomiak dakarren paradigmaren aldaketa ahalbidetzeko politiken oinarriak bermatzeko.

Lehengaietan oinarritutako ekonomia zirkularra

Bioekonomiak esan nahi du jatorri fosileko materialetan oinarritutako ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular eta jasangarri batera igarotzea, jatorri biologikoko lehengaietan oinarrituta, gizarte ongizatea mantenduz. Xedea da material fosiletatik lortzen ditugun produktu gehienak biomasatik lortzea, eta horrek nekazaritzako ekoizpena areagotzea eragin dezake. Horrenbestez, lurzoruen kudeaketa izango da paradigma berri horren erdigunea.

Inaugurazio ekitaldian izan da Valentin Teres, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzako zerbitzuburua, eta bere mintzagaia izan da “lurzoruen kudeaketa jasangarria eta ezagutza sortzea, biomasaren ekoizpen mugagabea ahalbidetzeko, ekonomia berri baterako zutabe nagusi moduan”. NEIKER-Tecnaliako zuzendari Leire Barañanok “lurzoruaren ekarpena” nabarmendu du”, “bioekonomiarako baliabide iraunkor moduan”. Lurzoruaren Zientzien Portugaleko Elkarteko (SPCS) lehendakari Carlos Alexandreren hitzaldiaren gaia izan da “politika publiko integratuen beharra, lurzoru-gizarte harreman iraunkorragoak sustatzeko”. Jorge Mataixek,Lurzoruaren Zientzien Espainiako Elkarteko (SECS) lehendakariak, bere hitzaldian, “bioekonomia” azpimarratu du, “basogintzaren kudeaketan aldaketak eragiteko eta basoko baliabideen balioan agerian jartzeko tresna gisa, sute suntsitzaileak saihesten laguntzeko”. Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Ane Oyarbidek, berriz, hiria aurkeztu du, hiri jasangarrien adibide moduan.

Biltzarrean nabarmentzen da Ana Alzolaren parte hartzea; IHOBEko Lurzoruen Arloko arduraduna da, eta inaugurazioko hitzaldian Euskadin lurzoruak babesteko dagoen politikaren norabide berriak aurkeztu ditu. Bertan hizlari arituko dira, baita ere, Ute Wollschläger doktorea, Lurzoruen Ikerketarako BonaRes zentroaren koordinatzaile zientifikoa, finantzaketarako BMBF egitasmoaren barruan: "BonaRes – Lurzorua, bioekonomiarako baliabide iraunkor moduan"; Claudia Olazabal doktorea, Europar Batzordeko ENV.B1 Unitateko arduraduna –Nekazaritza, Basoak eta Lurzoruak–; Jorge Etchevers, Lurzoruaren Zientzien Mexikoko Akademiako kidea, eta Pilar Llorens, CSICeko IDAEA zentroko kidea, besteak beste.

Saio zientifikoez gain, hiru irteera ere egingo dira: lurzoruaren ezagutzaren erabilerari buruzko adibideak ikustea, intentsifikazio jasangarria aplikatuz, laborantza ekologikoko elikagaiak ekoizteko (Nafarroa); hiri inguruneetan egiten hasi diren apustua kalitate handiko lurzoruak baloratzeko eta mantentzen laguntzeko, elikadura politikaren ardatz nagusi moduan (Gasteiz hiriaren adibide zehatzarekin), eta lurzoruen kutsaduraren aurkako soluzio teknikoak erakustea, zehazki lindanoz kutsatutako lurzoruetan, Argalarion (Bizkaia).

CICS 2018 Biltzarraren antolatzaileak dira NEIKER-Tecnalia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko erakundea; Lurzoruaren Zientzien Espainiako Elkartea (SECS), Lurzoruaren Zientzien Portugaleko Elkartea (SEPS), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA).