Lehendakariak Bilbon gertatutako liskarrak kondenatu ditu eta bere solidaritatea erakutsi die hildako agentearen senideei eta Ertzaintzari, haien "jardunbide profesionala eta egokia" nabarmenduz

2018.eko otsailak 23

Iñigo Urkullu Lehendakariak bere atsekabea eta solidaritatea adierazi dizkie atzo Bilbon hildako ertzainaren senideei eta gertukoei, baita Ertzaintzako agente guztiei ere. Bestalde, nabarmendu egin du atzo garatutako “jardunbide profesionala eta egokia”. Gainera, Lehendakariak kondenatu egin ditu gertatutako liskarrak, "jende zintzoa beldurraraztea, beste helbururik ez duten anker batzuek" eragindakoak. Horrela adierazi du Donostian Tecnum Enplegu Foroaren itxiera-ekitaldian.

Inocencio Alonso García Athletic Clubeko eta Moskuko Spartak-eko zaleen artean ezbeharrak saihesteko aurreikusitako operatiboan parte hartzen ari zen ertzaina.

Arratsaldean, Lehendakaria, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia lagun zuela, Ermuan izan da ertzainaren hil-kapera bisitatzen. 17ak aldera heldu dira Ermuako udal beilatokira eta bertan atsekabea adierazi diete senideei.

Hedabideentzat egindako deklarazioetan, Segurtasuneko sailburuak ziurtatu du egun “tristea eta gogorra” dela gaurkoa, eta harro dagoela adierazi du Ertzaintzaren “lanaz eta profesionaltasunaz”, “egunero diharduena gure segurtasuna bermatzeko”.