Kzgunea sareak "ConectaJoven" sustatzen du, belaunaldien arteko proiektua, adinekoen arrakala digitala gainditzeko

2018.eko urriak 14

  • Esperientzia aitzindaria da; horren bidez, zenbait belaunalditako pertsonak lotuko dira, WhatsApp berehalako mezularitzarako aplikazioa irakatsi eta ikasiko baitute
  • Vitoria-Gasteizko 5 institututako 65 gazte prestakuntza jasotzen ari dira, dagoeneko, tailerrak emateko ekimenean izena eman duten helduei

Kzgunea Eusko Jaurlaritzak Euskadin herritar digitalen bultzada sustatzeko sortu duen telezentroen sareak belaunaldien arteko proiektu pilotua jarri du abian, IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) helduei hurbildu eta arrakala digitala gainditzen laguntzeko.

‘ConectaJoven’ izeneko proiektua aitzindaria da, eta belaunaldien arteko esperientzia da, hezkuntza- eta gizarte-arlokoa; bertan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek oinarrizko informatikako gaitasun digitalen inguruko tailerrak emango dizkiete inguruko helduei. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arteko esperientzia da, eta Vitoria-Gasteizen jarri da abian, euskal hiriburuko udalarekin lankidetzan.

Proiektuak bi helburu ditu:

  • Gazteetan gaitasun digitalak hobetzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea sustatzea.
  • Arrakala digitalean helduen inklusioa bermatzea, IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) probetxuz erabiltzen dituztela bermatzea eta teknologiaren erabilera arduratsua egiten dutela bermatzea.

‘ConectaJoven’ proiektuak bi fase ditu eta itxiera-ekitaldi bat:

  • Lehen fasea: une hauetan, gazteak zer ezagutza transmititu behar duten eta nola egin behar duten ari dira ikasten.
  • Bigarren fasea: datorren hiletik aurrera eta bi hilez (azaroa eta abendua), belaunaldien arteko tailerrak ematen hasiko dira. Gazteek teknologia irakatsiko dute, kasu honetan, WhatsApp berehalako mezularitzarako mugikorreko aplikazioa erabiltzen izena ematen duten heldu guztiei.
  • Itxiera-ekitaldia: lehen bi faseak amaitzean, espazio berean batuko dira parte-hartzaile, heldu eta gazte guztiak, eta diplomak banatuko dira, kasu batzuetan hezten lan egin dutela egiaztatzeko eta, beste batzuetan, tailerrean elkarreraginean jardun dutela egiaztatzeko.

65 GAZTE PARTE HARTZAILE

Vitoria-Gasteizko 5 ikastetxetako 65 gaztek (IES Federico Baraibar BHI; IPI Sansomendi; IES Los Herrán BHI.; CIP Samaniego IPI; IES Mendebaldea BHI) belaunaldien arteko tailerretan parte hartuko dute. Jarduerak Vitoria-Gasteizko Hegoalde, Iparralde eta Lakuako gizarte-etxeetan dauden Kzguneetan egingo dira.

Tailerrak gehienez 12 pertsonako taldeetan emango dira, 3 gazte eta 6 heldu. Horrela, gazte bakoitzak elkarreraginean jardungo du 2 heldurekin. Taldeetan beti izango da dagokion Kzguneko hezitzaile bat. Gainera, taldeak antolatzeko orduan generoen arteko oreka bilatuko da. 

KZGUNEA SAREA

KZgunea sarea 2001ean hasi zen, herritarrei IKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) hurbiltzeko eta horien erabileran gaitzeko. Urte hauetan, herritarren eta teknologia berrien artean sortu den arrakala digitala gainditzen lagundu du, betiere gizartearen gaitasun digitalak sustatzen dituzten zerbitzuak emateko eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak dituen eta Agenda Digitala Euskadi 2020 proiektu estrategikoan jaso diren helburuak bultzatzeko helburu nagusia aintzat hartuta.