Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratuko ditu komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko diru laguntzetara Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratuko ditu komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko diru laguntzetara

Argitalpen-data: 

Deialdi honen aurkezpenaren irudi bat, iaz.

-          Deialdi hau iaz jarri zen abian eta, guztira, 15.000 euroko zazpi diru-laguntza sustatzen ditu bi modalitatetan.              

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abian jarri du komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko aurtengo diru-laguntza deialdia. Guztira, 105.000 euro bideratuko dira diru-laguntza hauen bi modalitateetara: komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzakoa eta irudidun liburuak egitea helburu duten proiektuetara bideratutakoa.

Kultura Sustatzeko zuzendaritzak iaz jarri zuen abian diru-laguntza deialdi hau, komikigintzaren eta ilustrazioaren munduan Euskadin egiten ari den lan oparoa lagundu eta sustatzeko helburuarekin. 2017an bezala, bi modalitate izango dira aurten, eta guztira zazpi diru-laguntza:

  • Lehen modalitatearen bidez 15.000 euroko lau laguntza bideratuko dira komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuak laguntzeko.
  • Bigarren modalitatearen bitartez 15.000 euroko hiru laguntza bideratuko dira irudidun albumak helburu duten ilustrazio-proiektuak diruz laguntzera.

Bi modalitateetan, bai komikietan eta bai liburu irudidunetan, oinarrizko puntuazioa gainditu dutenen artean, diru-laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da eta, gutxienez, bat emakume batentzat (diru-laguntza bakarra erreserbatuko da 30 urtetik beherako sortzaile hori emakumea bada). Horrez gain, puntuazioen gainontzeko irizpideei dagokienez, nobedade nagusia da ‘ilustrazioaren kalitate artistikoa’ iaz baino gehiago baloratuko dela (iaz 40 puntu, aurten 50), eta gauza bera egingo da ‘ilustrazioaren trataerarekin’ (iaz 10 puntu, aurten 30).

Irakurleen eskuetara

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak diru-laguntza deialdi honen atzean dagoen filosofia azaldu du: “Diru-laguntza hauen helburua da komikiak, eleberri grafikoak eta irudidun albumak kalean argitaratuta ikustea. Beraz, ez dira bekak, ezta marrazkilariak beren frogak egiteko laguntzak ere; diruz lagundutako  lanek irakurleen eskuetara ailegatu behar dute. Eta hori lortzeko bideak aurreikusi dira deialdian”.

Era berean, sailburuordeak nabarmendu du deialdi honen garrantzia marrazkilarien lana laguntzekoa. “Hainbat sortzaile lan bikaina egiten ari dira diziplina honetan, eta haien bidea lagundu egin nahi dugu. Arreta marrazkilariaren lanean jarri nahi dugu. Askotan idazleekin batera egiten dute lan, baina merkatuak nekez konpentsatzen du haien esfortzu hori. Politika publikoek merkatuaren ahuleziak gainditzera zuzenduta izan beharko lukete, eta hori da, hain zuzen ere, diru-laguntza hauen xedea”, azaldu du.

Iazko deialdira, guztira, 38 proiektu aurkeztu ziren, 22 lehen modalitatera eta 16 bigarrenera. 30 urte edo adin horretatik beherako sortzaileen eskaerak, aldiz, gutxi izan ziren. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik adierazi dutenez, iazko deialdiaren balorazioa oso positiboa izan bazen ere, aurten 30 urtetik beherakoen aldetik proiektu gehiago heltzea nahi lukete. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 4an amaituko da.

.