Joxean Muñoz Kulturako sailburuordea Cristóbal Balenciaga Museoaren 2018rako programazioaren aurkezpenean izan da

Balenciaga-83.jpg

2018.eko urtarrilak 09

Joxean Muñoz Kultura sailburuordea Cristóbal Balenciaga Museoaren 2018rako programaren aurkezpenean izan da gaur, Getarian. Aurten, 2018an, Ondarearen Europako Urtean, Cristóbal Balenciaga Museoak hausnarketa bat egingo du Getariako sortzaile ospetsuaren obrak osatzen duen ondarearen balioari buruz. Izan ere, 1968an, duela 50 urte, erretiroa hartzea, zituen etxeak ixtea, eta bere ibilbide profesionalari eta bere ziklo sortzaileari azkena ematea erabaki zuen Balenciagak; mende-erdiko ibilbidea, alegia, Donostian aurreneko atelierra 1917an ireki zuenetik, bere lankideek zioten errespetuak eta nazioarteko goi-mailako joskintzan lortutako goren mailak bermatua.

 Aurtengo programazioaren inguruko xehetasunak esteka honetan kontsulta daitezke.

Aurrekontua eta egitaraua

2018 ekitaldiari 1.646.00 euroko aurrekontu zenbatetsiarekin aurre egingo dio museoak, eta bertan nabarmentzekoa da % 4ko gehikuntza ekarpen publikoetan (1.213.000 euro guztira).

Oraingo ekitaldi hau 2017ko emaitza onak ditu abiaburutzat: 51.300 bisitari Getariako museoko erakusketetara, hau da, aurreko urtea baino % 14 gehiago, eta % 30eko batez besteko gehikuntza museoko hezkuntza-programaren proposamen desberdinen erabiltzaileetan.

Bisitarien jatorriari dagokionez, datuen arabera, nabarmena da publiko atzerritarraren presentzia (guztizkoaren % 40), aurreko urteekiko gehitu egin dena, eta horien artean nagusitzen dira publiko frantsesa (bisitari guztien % 20 nazionalitate horretakoak izan dira), estatubatuarra (% 5), britainiarra (% 4) eta alemana(% 2).

Tokiko (EAE) publikoa museoko bisitari guztien % 42 izan da (Gipuzkoa % 23, Bizkaia % 15 eta Araba % 4); beste erkidego batzuetako publikoa, berriz, bisitari guztien % 58 izan da. Erkidego igorle nagusien artean hauek nabarmentzen dira: Madril (bisitari guztien %10), Katalunia (% 8), Nafarroa(% 7), eta Valentziako Erkidegoa (% 5), Aragon eta Asturias (% 3).

Bisitarien kopurua handitu izana, Gipuzkoako turismoaren joera faboragarriaz gain, bat dator Mr. Rachel Mellon-en bildumari buruzko urteko erakusketak (aurtengo urtarrilaren amaierara arte zabalik) izan duen oihartzun handiarekin, Donostian Balenciagaren tailerra ireki zeneko mendeurrenaren ospakizunarekin, eta horrek berekin ekarri dituen aurkezpenekin Madrilen eta Parisen.

2017ko ekitaldian hauek izan dira nabarmentzekoak diren beste alderdi batzuk: Cristóbal Balenciaga Museoa I. Uda Eskolaren irekiera, EHUren, Donostia Sustapenaren eta Kutxa Fundazioaren lankidetzarekin; museoaren presentzia Google edukien “We wear culture” plataforman, hiru erakusketa digitalekin eta nazioarteko ikusle-kopuru handiarekin; modan espezializatutako nazioko eta nazioarteko hezkuntza-erakundeekin sinatutako lankidetzarako hitzarmenak; tokiko diseinuari eskainitako gunearen irekiera arrakastatsua, eta programa baten garapena Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, hezkuntza-premia bereziak dituen publikoari zuzendua.