Josu Erkorekaren balorazioa "La Manada" taldeko kideen behin-behineko askatasunari buruz

2018.eko ekainak 21

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldi bat egin du hedabideen aurrean, Nafarroako Probintzia Auzitegiak "La Manada" kasua dela-eta hartu duen erabakiaren berri jaso eta gero; emandako epaiaren arabera, bost kideak behin-behineko askatasun egoeran egongo dira, 6.000 euroko fidantzaren pean.

Erkoreka bozeramaileak adierazi du ez duela erabakia zalantzan jartzen ikuspegi juridiko hertsitik, baina zehaztu du oso berri mingarria dela, gizartearen iritzia kontuan hartzen ez duena. Gainera, nabarmendu duenez, gizarteak ez du ulertuko hartutako erabakia, kontuan izanik aurrerapauso handiak eman dituen gizartea dela, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko sentsibilizazio kolektiboan.

Horrekin batera, Sailburuak adierazi duenez, premia handikoa da Espainiako Gobernuak Kode Penalaren erreforma-prozesua bizkortzea; eta baita legeria eguneratzea eta argitzea ere, emakumeen aurkako delituzko ekintzei dagokienez.