Jonan Fernándezek esan du Gobernua memoria historikoaren egiaren aitorpena eta frankismoaren biktimen ordain morala nabarmentzeko lanean ari dela

2018.eko uztailak 18

  • Eusko Jaurlaritzako arduradunak Gorputz deserosoak Biltzarra inauguratu du; bertan, modu kritikoan eta erkatuan aztertuko dira munduko hainbat lekutan gorpuak lurpetik ateratzeko eginiko prozesuak
  • Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du udazkenean aurkeztea “1936-78 giza eskubideen urraketen oinarri-txostena”ren lehen balantzea

Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak esan du Eusko Jaurlaritza lehentasunez ari dela lanean memoria historikoaren inguruko bi konpromiso handiri erantzuteko: Memoria Historikoaren egiaren erakunde-aitorpenerako prozesuan eta frankismoaren biktimen memoriaren ordain morala emateko prozesuan laguntzea. Fernandez izan da gaur goizean Gorputz deserosoak Biltzarra inauguratzeko arduraduna; biltzarra Gogora Institutuak, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC), Aranzadi Zientzia Elkarteak eta UPV/EHUk antolatu dute.

Jonan Fernándezek iragarri du Eusko Jaurlaritza artxibo eta erregistro zibil eta parrokiakoetan Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Aranzadi Sozietatearekin batera gerra zibileko hildakoen kopurua eta identitatea ahalik eta zehatzenen ezagutzeko egiten ari den ikerketaren datuak orain arte esku artean izan dituztenak baino ugariagoak direla. Hori horrela, esan du datorren udazkenean “1936-78 giza eskubideen urraketen oinarri-txostena”ren lehen balantzea aurkeztu ahalko dela, hori baita ikerketa horiek egiteko esparrua.

Biltzarrak, datorren larunbatera arte, hilaren 21era arte, Donostiako Miramar Jauregian, mundu osoko espezialistak bilduko ditu eta horiek modu kritikoan eta erkatuan aztertuko dituzte munduko hainbat lekutan gorpuak lurpetik ateratzeko eginiko prozesuak.

Eusko Jaurlaritzako arduradunak esan bezala, nazioarteko topaketa honen helburua da “begirada altxatzea” eta munduan giza eskubideei lotuta hobitik gorpuak ateratzeko joera nagusiak eta kasu esanguratsuak aztertzea, eta horietatik ikaskuntzak ateratzeko ahalegina egitea, “geure testuinguruan” aplikatzeko, gerra zibilari lotutako memoriaren politika publikoetan.

Bere iritziz, dimentsio teknikoari eta zientifikoari heltzeaz gainera, oinarri etikoaren inguruan ere hausnartu behar da; gorpuak hobitik ateratzeko kasuan, zergatik, zertarako eta nola egiten den. “Egiten dugun guztiak ikuspegi bikoitz argia izan behar du: ez du balio behar biktimismoaren inolako modurik elikatzeko; ordea, biktimek eta beren familiek jasan zuten biktimizazio bidegabetik askatzeko balio behar du. Egia bilatzeko eta aurkitzeko bideak prozesu askatzailea izan behar du, argitsua eta pozgarria”, esan du, amaitzeko.

PROGRAMAZIO OSOA: https://goo.gl/d8iDQW