Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Iragarri dira Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntza zuzenak 2018rako, eta 47 milioi euro baino gehiagokoak dira (Gobernu bilera 2018-03-13)

logoconsejo.jpg

2018.eko martxoak 13

Besteak beste, praktika ekologikoen aplikazioa eta gazteak lehen sektorean eta baserri munduan hasteko jarduerak finantzatzen dituzte

Datorren apirilaren 30a arte aurkeztu daitezke eskaerak

Eusko Jaurlaritza lanean ari da Europako nekazaritza politika Euskadiren interesetara moldatu dadin eta erregioek politikaren diseinuan protagonismo handiagoa edukitzea eskatzen du

Gobernu Kontseiluaren azken bileran, Eusko Jaurlaritzak onartu du Nekazaritza Politika Bateratuan aurreikusten diren laguntza zuzenak 2018. ekitaldirako iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emandako Agindua. Laguntzen zenbatekoa 47,56 milioi eurokoa da, eta Autonomia Erkidegoaren Erakunde Ordaintzailearen bitartez ordainduko dira, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) kontura.  Eskaerak Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, datorren apirilaren 30era arte. 

Aurtengo, 47,56 milioi euroko laguntzak kalkulatu dira, eta honetarako erabiliko dira: 

  • Oinarrizko ordainketa: 22,7 milioi euro
  • Ordainketa berdea, klimaren eta ingurumenaren ikuspegitik onuragarriak diren nekazaritza jardueretarako (Greening):  12,4 milioi euro
  • Ordainketa osagarria, nekazaritza jarduera bati ekiten dioten nekazari gazteentzat: 260.000 euro
  • Nekazaritza ustiategi txikietarako erregimen erraztua: 2,3 milioi euro
  • Laguntza Elkartuak (nekazariak eta abeltzainak): 9,9 milioi euro 

Euskadiren interesetara egokitzea

Eusko Jaurlaritza lanean ari da Europako Nekazaritza Politika Euskadiren interesetara moldatu dadin, eta eskatu du erregioek politikaren diseinuan protagonismo handiagoa edukitzea eta Europako Erkidegoaren araudiaren garapenean erregioei PACaren Plan Estrategikoen lanketan eta defentsan dagokien zeregina ematea.

Hala, beraz, Euskadik erabateko subsidiaritatea eskatzen dio Estatuari, NPBaren Plan Estrategikoetan sartzen diren neurri guztiak definitu, landu, defendatu eta ezartzeko lanetan esku hartu nahi duten autonomia erkidegoentzat, EBn definitutako oinarriko helburuekin bat etorrita eta Europako Erkidegoaren araudiaren ondoriozko esparruak berak ezartzen dituen mugapenekin baino ez. 

Modu horretan, laguntza horiek adosago egongo dira Euskal Herriaren 2015-2020 aldirako Landa Garapeneko Planarekin, zeinak helburu hauek baititu: belaunaldien errreleboa, baserri munduaren modernizazioa, berrikuntza eta lehiakortasunaren ideien garapena, nekazaritza eremuko prestakuntza, nekazaritzako elikagaien industriaren babesa, eta kalitate bereizgarrien balio erantsiaren sustapena.   Helburuak dira, baita ere, ingurumena eta paisaia naturalaren babesa, oinarrizko zerbitzuak jartzea baserri guneetan, eta lanpostua sortu eta dibertsifikatzea landa eta itsasertzeko ingurunean. 

Eskaerak egiteko epeak eta baldintzak

Laguntza hauek eskuratzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak aurreikusitako edozein lekutan aurkeztuko dira, datorren apirilaren 30a arteko epearen barruan.

Halere, ezarritako epea amaitu eta ondorengo 25 egun naturaletan aurkeztutako eskabideak ere onartuko dira, baina kasu horietan, kenduta ezinbestezko eta aparteko egoerak, laguntzen zenbatekoak ehuneko bat txikiagoak izango dira atzerapenaren egun baliodun bakoitzeko.  Atzerapena 25 egun baino gehiagokoa bada, eskabidea ez da onartuko.