Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da apaiz, musikari eta kultura sustatzaile Jose Luis Ansorenari Errenterian egin zaion omenaldian

Argitalpen-data: 

Ansorenari_omenaldia

Apaiz, musikari eta kultur sustatzaile Jose Luis Ansorenari Errenterian egin zaion omenaldian parte hartu du gaur Iñigo Urkullu Lehendakariak. Ekitaldi honen barruan, Errenteriako herriak ‘Jose Luis Ansorena Musika Plaza’ izena jarri dio orain arteko ‘Musika Plazari’, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak eskertu egin dute euskal kulturaren hedapenari eta kultura ondarearen babesari hark egindako ekarpena.

Gaurko ekitaldian izan dira, baita ere, Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Julen Mendoza, Errenteriako alkatea. Azken hamarkadetan euskal kulturari Ansorenak egin dion ekarpenaren balioa azpimarratu du Lehendakariak: “Herri honek musikaren sugarra bizirik mantentzea lortu badu, gure kulturaren eta identitatearen adierazpide gisa, Jose Luis Ansorena bezalako pertsonei esker izan da: Eresbil artxiboaren sortzailea, pertsona langilea, konprometitua, eskuzabala eta hurbila. Eskerrik asko Jose Luis egin zenuenagatik eta egin zenuen moduagatik. Euskal kultur tradizioarekin loturak berreskuratzeko gai izan zinen eta izan zineten, eta erein zenuten hazi hark azaltzen du gaur daukaguna”.

Era berean, 60ko urteen amaieratik euskal kultura berpizteko herri ekimenari egin zion ekarpena azpimarratu du –Ansorenaren kasuan, Errenteriatik–, eta utzitako ondarearen balioa nabarmendu du Lehendakariak. “Garai hauetan gure bizitzaren parte da kultura eta zuen ekarpena aitortu nahi dugu, onespenik eza, debekua eta jazarpena nagusi ziren uneetan. Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboan utzitako legatuak erakusten digu euskal konpositoreek musikaren arloan oinordetzan utzi diguten ondarea zaintzeak duen balioa”, adierazi du.

Bere ibilbidea

Jose Luis Ansorena Donostian jaio zen 1928an –90 urte bete ditu gaur– musikari eta kulturari lotutako familia batean. Musikaren arloan Donostiako kontserbatorioan prestakuntza zabala jaso eta gero, Altsasuko Kaputxinoen apaiztegian sartu zen, eta 1953an apaiz egin zen. 1966an Gipuzkoako Errenteriako herrira iritsi zen, Kaputxinoen Komunitateak destinatuta, aldez aurretik Iruñetik eta Zaragozatik igaro ondoren. Nafarroako hiriburuan San Antonio Eskolania eta San Antonio Gazteria sortu zituen, eta Zaragozan San Antonio Gazteria.

Eresbileko zuzendari Jon Bagüések gogora ekarri duenez, Errenteriara iritsi bezain laster Gaztedi parroki elkartea sortu zuen, musikari eta mendizaletasunari lotua, eta baita Andra Mari Abesbatza ere, “Errenteriaren izena Euskadiko musikaren mapan kokatzen duten hainbat ekimenen hazia”. Ondorengo urteetan, Orereta eskolania eta Oiñarri gazte-abesbatza ere sortu zituen Ansorenak, eta, aldi berean, Karnaba otxotea berpiztu eta emakumezko Aia otxotearen sorrera bultzatu zuen. 1973an Musikaste jaialdia sortu zuen, “euskal musikaren iraganetik soinuak berreskuratzea eta egile garaikideen 200etik gora musika-lanen estreinaldia bultzatuz”, gogora ekarri du Bagüések.

“Jose Luis Ansorenak Euskadi osoko kolektibo, elkarte eta instituzioetara zabaldu zuen musikaren inguruko bultzada. Hortxe ditugu Euskal Herriko Txistularien Elkarteari berak egindako ekarpena, bere lankidetza Abesbatzen Federazioen sorkuntzan, bere babesa Euskal Konpositoreen Elkartearen sorkuntzan, bere lana Eusko Ikaskuntzako musika-atalean edo bere parte-hartzea Euskalerriaren Adiskideen Elkartean”, gaineratu du Bagüések.

Bisita Eresbil-Musikaren Euskal Artxibora

Eresbil artxiboa 1974an sortu zuen Ansorenak, Andra Mari Abesbatzaren bitartez, euskal musikaren ondarea babestea helburu hartuta. Hala, Iñigo Urkullu Lehendakariak aukera izan du gaur arratsaldean Eresbilek Errenterian dituen instalazioak bisitatzeko. Proiektu honen xede nagusia da musika-ondarea ikertu, bildu, zaindu eta zabaltzea, bereziki, euskal konpositoreen ekoizpena.

Gaur egun, 94.000 partitura ditu –horietatik 30.000 euskal sortzaileenak–, 180 funts baino gehiago –hainbat instituziok eta pertsona nabarmenek dohaintzan emanak edo lagata–, liburutegi bat 20.000 titulurekin, eta fonoteka bat 110.000 soinuzko erregistrorekin. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak osatzen dute Eresbileko Patronatua.