Industria Segurtasunari buruzko Dekretu berriak instalazioetako aldizkako ikuskaritzen jarduna arautu eta modernizatzen du (Gobernu Bilera 2018-01-16)

fotoconsejo.jpg

2018.eko urtarrilak 16

Industria Segurtasuneko araudiaren menpe dauden instalazioen eta ekipoen aldizkako ikuskaritzak kudeatzeko prozedura arautzen duen Dekretu berri bat onetsi du Eusko Jaurlaritzak. 

Gobernua behartuta dago industriako instalazio, gailu, ekipo eta produktuen funtzionamendu egokia gainbegiratzera. Gainera, eskatu egiten die euren titularrei eta arlo horretan esku hartzen duten eragileei dagozkien betebeharrak betetzeko eta betearazpen hori ziurtatzeko.

Dekretu berriak arautu eta modernizatu egiten du aldizkako ikuskaritza horiei lotutako lan-dinamika. Dekretua indarrean sartu eta gero, harreman telematikoa soilik ezarriko da kontrol-erakundeekin, ekipoen eta instalazioen monitorizazioa arinagoa eta osatuagoa izatea ahalbidetu baita horrela.

Bestalde, Dekretuak hobetu egiten du zeharka langileen, Ingurumenaren eta, oro har, ingurunearen segurtasuna, aldizkako ikuskaritza jasotzen duten ekipoen eta instalazioen egoera hobeto kontrolatzeko aukera ematen duelako, eta baita dagozkien betebeharren eta epeen betearazpena kontrolatzeko ere. 

Instalazioen kontrolean detektatu daitezkeen ikuskaritza-akatsak berehala gainbegiratu ahal izango dira, eta denbora errealean kontrolatu ahal izango dira haien egoera eta zuzenketa.