Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ihobe sozietate publikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako kostaldea klima-aldaketara egokitzeko lanetan batera aritzea hitzartu dute

Argitalpen-data: 

Acuerdo_IhobGFA_(4).jpg

Jesús Losada Ihobe sozietate publikoko zuzendariak eta José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko diputatuak kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasunari buruzko azterketak egiteko behar den informazioa sortu, eskuratu eta biltzeko konpromisoa hartu dute, gaur goizean Donostian sinatu duten hitzarmen baten bidez. Hitzarmenaren barruan, klima-aldaketara egokitzeko azterketak eta planak egingo dira, baita informazio guztia bisore kartografiko batean sartu ere, sortutako informazio guztia erabiltzaileen eskura egon dadin.

«Klima-aldaketak Gipuzkoako kosta-lerroan, bai itsasertzean bertan bai horren eragin-eremuetan, izan ditzakeen eraginei aurre egiteko beharrarekin lotuta dago hitzarmena. Eremu kalteberenak zein diren eta klima-aldaketaren eraginak ahalik eta txikienak izateko zer neurri har daitezkeen jakitea da asmoa», esan du Ihobeko zuzendari Jesús Losadak.

Gipuzkoak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050) estrategia onartu berritan egin dute hitzarmen hau. Dokumentu hori lurraldean Parisko goi-bilerako helburuak lortzeko eta mende honetan tenperatura-igoera bi gradutik beherakoa izateko estrategia bat garatu eta ezartzearren egin da.  GK 2050 estrategia funtsezkoa da Gipuzkoan, arrisku handieneko eremua itsasertza izanik; izan ere, gaur egungo isurpen-mailari eutsiz gero, itsasoaren maila 29 eta 49 cm artean handitu daiteke eta hareatzen heren bat desagerraraztea ekar dezake. Horri dagokionez, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, «toki-estrategia bat duen Euskadiko lehen lurraldea izateak klima-aldaketaren arloko Europako helburuak lortzeko pauso azkarragoak ematen lagunduko digu».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, sozietate publiko honen bidez, klima-aldaketara egokitzeko proiektuak sustatzen ari da, ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuen lehiaketetarako deialdiak eginez. Horiek Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, PIMA Adapta Costas CCAA 2017 programaren barruan, autonomia-erkidegoetarako irekitako finantzazio-ildoa osatzen dute.

Gipuzkoako kostaldearen kasuan, Ihobe sozietate publikoak «Euskal itsasertzaren kalteberatasuna, arriskua eta egokitzapena klima-aldaketaren aurrean» (KOSTEGOKI) proiektua finantzatu du, AZTI Fundazioak garatua.

Proiektu hori aurrera eramateko, jarraipen-batzorde bat eratuko da, batzorde tekniko batez eta zuzendaritza-batzorde batez osatua, eta honako hauek parte hartuko dute: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak; IHOBE-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak; URA-Uraren Euskal Agentziak; eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak. Jarraipen-batzorde horren zeregina erakunde bakoitzak, bere eskumenen esparruan, egiten dituen jarduerei buruzko informazioa trukatzea, irizpideak bateratzea eta sinergiak baliatzea izango da.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, Gipuzkoa, eta zehatzago, kostaldeko Hondarribia, Donostia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku udalerriak, klima-aldaketaren ondorioen eraginpean daude nabarmenki. «Udalerri horiei klima-aldaketari modu eraginkorrean aurre egiteko tresnak eta bitartekoak ematea gure ardura eta eginbeharra da. Hain zuzen ere, horregatik, ezinbestekoa da erakundeen arteko koordinazio ona lortzea, klima-aldaketari modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko».

Gipuzkoak Kostasystem sisteman oinarritutako itsasertzaren bideometria-sare bat dauka, klima-aldaketak kostaldeko areatzetan duen eragina denboran zehar behatu ahal izateko.