Hitzarmena Irungo Udalarekin, 34 zuzkidura bizitoki eraikitzeko (Gobernu Bilera 2018-05-22)

logoconsejo.jpg

2018.eko maiatzak 22

Gobernu Kontseiluak baimendu egin du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Irungo Udalaren artean hitzarmena sinatzea, Oinaurre auzoan 34 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko.

Zuzkidura-bizitokien helburua aldi baterako etxebizitza ematea da; izan ere, okupatzaileak ezin dira bertan bost urte baino gehiago egon. Ezaugarri horiek egokiak dira lehentasunez erantzuteko gazteen etxebizitzen premiei.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Eusko Jaurlaritzak zuzkidura-bizitoki horiei lotutako eraikuntza- eta hirigintza-obrei 4 urteko epean ekingo die, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, gaur egun, guztira 846 zuzkidura-bizitokiren sustapena du martxan, autonomia-erkidegoko 12 udalerritan.