Hezkuntza Saila, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan

Maite Alonso, jardunaldien itxiera hitzaldian

2018.eko martxoak 09

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak itxiera eman die, gaur eguerdiz Hernanin, Ikastolen Elkarteak antolaturiko 25. Jardunaldi Pedagogikoei. “Hezkuntza loraldatzen. Etorkizuneko irakasleari begira”,  leloarekin eta bi egunez, gela barruko jardunean jarri dute arreta aurtengo jardunaldiek, edo zehatzago, irakaslearen jardunean, prestakuntzan eta etorkizuneko profesionalen profilean.

Gaur goizeko saioetan, hezkuntza alorreko adituek hizpide izan dituzte hezkuntza emozionala, irakastearen egiteko zail baina atsegina, eta etorkizuneko irakasleen profila, beste zenbait gairen artean.

Itxierako hitzaldian, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak jardunaldi hauetan jorratu diren gaien egokitasuna azpimarratu du, eta gai horiek une honetan Hezkuntza Sailak dituen lau ardatz nagusiekin duten harreman estua nabarmendu nahi izan du.

Izan ere, irakaste-prozesua konpetentzietan oinarritua eta haiei lotutako prozesu gisa planteatu da jardunaldi hauetan, Hezkuntza Sailetik bultzatzen den modu berean. Baina Alonso sailburuordeak gehitu duenez, “bai irakasleen prestakuntzak, bai metodologia aldaketak, bai irakaslearen profilak, denek dute jomugan ikaslea eta ikaslearen irteera profila”. Hauxe da, hain zuzen ere, Hezkuntza Saila lantzen ari den beste arloetako bat.

Zentzu horretan, ikasleen irteera profila neurtzeko ebaluazioek duten garrantzia azpimarratu du Maite Alonsok. “Ikasleen etapa amaierako irteera profila erabat lotua dago konpetentzien garapenarekin, eta hori neurtzeko dira garrantzitsuak ebaluazioak. Ebaluazioa tresna ezinbestekoa da ikastetxeetan egiten duzuen lana hobetzeko”, zehaztu du, eta azken hilabeteetan ikastetxeetako zuzendariekin izandako bileretan egin duen moduan, aurten Hezkuntza Sailak egingo dituen kanpo-ebaluazioak hartu ditu hizpide: “hezkuntza sistemaren diagnosia egiteko, sistema bera hobetzeko asmoz, beharrezkoak dira. Horrek esan nahi du guztion parte-hartzea, sistema osatzen duzuen ikastetxe guztien parte-hartzea, ezinbestekoa dela eratutako laginak esanguratsuak izan daitezen”, azpimarratu du Maite Alonsok.