Gobernuak La Navalen etorkizuna bermatuko duen inbertitzailearen bila jarraitzen du

Tapia_La_Naval_1.jpg

2018.eko urriak 11

Arantxa Tapia sailburuak gaur Legebiltzarreko eztabaidaren ostean adierazpenak egin ditu La Naval ontziolaren egoeraren inguruan. Sailburuak esan du Enplegu Erregulaziorako Espedientea beste pausu bat dela likidazio prozesuan. “Kezkagarria da, baina ez da oraindik amaiera. Jaurlaritzan lanean jarraitzen dugu La Naval ontziolari jarraipena emateko”.

Tapiak adierazi du langileen egoerarekin kezkatuta dagoela eta lanean jarraitzen duela egoera hobetzeko. “Lan karga bermatzea da bidea, lan karga hori baldin badago enpleguari eutsiko zaiolako”.

Gaur Legebiltzarrean hitza hartu duten alderdiei zuzendu zaie ere sailburua eta erantzukizuna eskatu die bi gairen inguruan: batetik, itxaropen faltsuak ez pizteko eskatu die, “La Naval ezin da diru publikoz lagundu, inbertitzaile pribatua ezinbestekoa da”.

Bestetik, euren lanpostua zalantzan ikusten duten pertsonekiko erantzukizuna. “Gaur Legebiltzarrean 4.000 lanpostu galduak aipatu dira”. Sailburuak adierazi du ez dela oinarririk gabeko alarmarik pizteko unea, lanpostu bakoitza da kezkagarria, baina arduratsu izatea eskatu die alderdiei zenbatekoak ematerakoan.

Arantxa Tapiak berriro azpimarratu du Jaurlaritzak lanean jarraitzen duela, etengabe, inbertitzaile pribatu baten bila. Hori delako La Navaleko etorkizuna bermatzeko modu bakarra.